Hitzaldia jardunaldi batzuetan
Hollandek zuzenbide-estatua defendatu du terrorismoaren aurrean
Agentziak | Erredakzioa
Bestalde, ez du aurreratu apirilaren 23an egingo diren hauteskundeei begira berriro ere hautagai gisa aurkeztuko ote den.
François Hollande Frantziako presidenteak zuzenbide-estatuaren babesle gisa aurkeztu du bere burua terrorismoaren aurrean, eta, aldi berean, bere agintepean egindakoak defendatu ditu jasandako etengabeko kritikei aurre eginez, nahiz eta jendartearen inoizko gaitzespen-mailarik handienak jaso dituen bere legegintzaldian.
Presidentetzarako hauteskundeak egiteko 8 hile falta direnean, eta oraindik ez duenean baieztatu kargua errepikatzeko aurkeztuko den ala ez, bere mintzaldiak kanpainaurre kutsua hartu du; izan ere, Frantziaz zein ideia duen plazaratzeko eta azken urteetan lortutakoak gogorarazteko aprobetxatu du.
Horrenbestez, urte politikoari hasiera emateko bere lehen mintzaldi handian gainditu egin du tribunara eraman duen gaia: "Demokrazia terrorismoaren aurrean". Egindako agerraldian esan duenez, “asko dira oraindik egiteke daudenak”, eta azpimarratu du ez duela utziko datozen hiletan edo urteetan "Frantziaren irudia alda dadila".
Zuzenbide-estatuaren alde egin duen defentsa izan da 60 minutu iraun duen bere mintzaldiaren muina. Bertan nabarmendu duenez, Gobernua dituen baliabide guztiak erabiltzen ari da terrorismoaren aurka, eta jihadismoaren aurkako borrokan kohesio nazionala gailendu behar da.
Hollandek gaineratu duenaren arabera, (terrorismoaren aurkako borroka horretan) “erantzuna ez dator salbuespen-egoeraren alde egitetik, baizik eta eskubideen alde egitetik: segurtasuna behar dugu, baina ez diogu uko egin behar nahi dugun bezala bizitzeari”.
Testuinguru horretan, Hollandek ez du aipatu azaroko atentatuen ondoren ezarritako emergentzia-egoerak, besteak beste, manifestatzeko eskubideak murriztu zituela, eta oposizioa kritikatu du (hura aipatu gabe) botereen bereizketa gainbegiratu nahi izateagatik edota jatorri atzerritarra duten “milaka gazteri ziurgabetasun juridikoa ezarri nahi izateagatik”.
Hautetsontzietara itzultzeko garaia hurbiltzen ardi dela gaineratu du: “Frantziarrek euren etorkizuna eta geure herrialdearena aukeratu beharko dute. Emaitzak, izaerak eta proiektuak epaituko dituzte. Zein dira erronkak? Babesa, elkartasun nazionala, gizarte-eredua, demokraziaren kontzepzioa, Frantziaren tokia Europan eta Munduan”.
Hain zuzen ere, bere mintzaldiak esparru horietan guztietan izan dituen lorpenak defendatu ditu, baina ez du aurreratu bere balizko hautagaitza, abenduan egitea espero baita.
Frantziako presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia apirilaren 23an egingo da, eta maiatzaren 7an, bigarrena.