Itxi

etxe zurirako bidean

Clintonen eta Trumpen arteko eztabaidaren urrezko esaldiak

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Aurrez aurrekoak iraun zuen denboran, bi hautagaiek bereak eta bi esan dizkiote elkarri.

Hillary Clinton eta Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Presidentetzarako bi hautagaiek azaroaren 8ko hauteskundeak egin baino lehen aurreikusita dauden hiru eztabaidetatik lehenengoa egin dute gaur, astelehena, Hofstra Unibertsitatean (Long Island, New York).

Hona hemen lehia dialektikoan esandako esaldirik nabarmen batzuk:

1. HACKERRAK

"Baliteke 400 libra (180 kilo) pisatzen dituen norbait izatea, ados?", esan du Trumpek eraso informatikoen egilearen inguruan espekulatu duenean. Askoren ustean, Errusia izan da erasoen erantzulea, eta Clintonek gogorarazi du Trumpek "goraipatu" egiten duela Vladimir Putin presidente errusiarra.

2. INTERES TIPOAK

"Burbuila handi, lodi eta itsusi batean bizi gara", esan du Trumpek AEBko Erreserba Federalak interes tipoak igotzen ez dituela kritikatu duenean.

"Obama (Etxe Zuritik) irten eta betiko golfera jolastera joaten den egunean, interes tipoak igotzen dituztenean, ikusiko duzue gauza oso txarrak pasatuko direla", gaineratu du.

3. OBAMA PRESIDENTEAREN JAIOTZA-ZIURTAGIRIA

"Tira, entzun duzuena besterik ez duzue behar", esan du Clintonek, eta barreak entzun dira publikoaren artean, Trump azaltzen saiatu denean zergatik eman dituen urteak esaten Barack Obama atzerritarra dela. Clintonen esanetan, jarrera hori "gezur arrazista" da.

4. MERKATARITZA ASKEAREN ITUNAK

"Hillary, utz iezadazu galdera bat egiten. 30 urte eman dituzu hori (merkataritza askearen itunak) egiten, zergatik ez duzu bilatu konponbiderik orain arte?", galdetu dio Trumpek. Gainera, Clinton kritikatu du Merkataritza eta Inbertsiorako Itun Transatlantikoaren (TTIP) aurka azaltzeagatik.

"Tira, Donald! Badakit zure munduan bizi zarela", erantzun dio Clintonek.

5. IRAKEKO GERRA

"Hedabide dominatzaileen zentzugabekeria da", erantzun dio Trumpek Lester Holt aurkezlearen galderari. Holtek gogorarazi dio 2002an Irakeko gerra babestu zuela eta Clintonek hori bera aurpegiratu ziola.

6. ESTATU ISLAMIKOA

"Entzun, etsaiari zure asmo guztiak kontatzen dizkiozu. Ez du inporta zure bizitza osoan Estatu Islamikoaren (EI) aurka egin baduzu", esan dio Trumpek Clintoni. Esaldiak zeresan handia eman du, EI 2014an sortu baitzuten.

7. DEBATEA

Clinton: "Nire ustez, Donaldek kritikatu egin nau debaterako prestatu naizelako. Eta, bai, hala egin dut. Badakizue beste zer egiteko prestatu dudan neure burua? Presidente izateko". "Nik herrialdea zeharkatu dut eta nire aurkariak etxean geratzea erabaki du", esan du aurretik.

8. ZERGA-AITORPENA

"Zerga-aitorpena plazaratuko dut, nire abokatuek diotenaren aurka, berak ezabatutako 33.000 mezu elektronikoak publikatzen dituenean", esan du Trumpek, Clintonek Estatu idazkaria zen garaian zerbitzari pribatu batetik bidalitako mezuak gogora ekarrita.

9. IZAERA

"Berak baino irizpide hobea daukat. Horretan ez dago zalantzarik. Nire izaera ere hobea da", Trumpen esanetan. Hori dela eta, publikoak barre egin du, eta Clintonek "OK" esan dio.

Albisteak (4)