88.900-177.800 euro
Oporretan goaz… Martera?
Agentziak | erredakzioa
Elon Musk zientzialari eta enpresariak baieztatu duenez, 2022tik aurrera, gizakia planeta gorrira bidaiatzeko moduan egongo da, 100-200 pertsona eramango lituzkeen ontzi batean, 26 hilabetean behin.
Gizakiek Martera bidaiatu ahal izango dute 2022. urtetik aurrera, 100-200 pertsona eramango lituzkeen ontzi batean, 26 hilabetean behin, baieztatu du Elon Musk enpresari eta zientzialariak, Mexikon.
Edozein pertsona planeta gorrira joateko moduan egongo da "egun batzuk entrenamendua eginda" eta 88.900 eta 177.800 euro artean ordainduta, eramaten duen ekipajearen arabera, SpaceX espazioko garraioen enpresaren sortzailearen esanetan.
Marte hartzeko ametsa egin ahal izango da, laguntzarik beharko ez duen komunitate bati esker, milioi bat biztanle baino gehiagokoa. Amets horrek, baina, erronka handia ekarriko du 40-100 urtez, eta 1.000 espazio-ontzi beharko dituzte, Muskek berak kalkulatu duenez.
Ohiko baliabideak erabilita, pertsona bakoitzak 8.900 milioi dolar ordaindu beharko lukeela kalkulatu badute ere, Muskek esan du bere enpresak "AEBko etxe baten bataz besteko kostura" murriztea duela helburu.
Enpresaria Astronautikako Nazioarteko Kongresuan ikusmin handiena eragin duen hizlaria izan da. Guadalajaran egiten ari dira eta mundu osoko espazio-agentzietako zuzendari nagusiak bildu ditu.
'Gizakia planeta arteko espezie bihurtzen 'deitutako hitzaldia jendetsuenetakoa izan da, ez bakarrik aditu eta ikertzaile asko joan direlako, baizik eta kongresuan parte hartzen ari diren zenbait herrialdeetako ikasle gazte asko ere egon direlako.
PayPal enpresaren sortzaileak bideo baten bidez azaldu du nola litzateke espazio-ontzi batean Lurrean aireratu eta Marten lur-hartzea.
Kohete berrerabilgarrien bidez bultzatuko lukete ontzia. Koheteek hiru aldiz itzuli beharko lirateke erregaiez betetzeko, eta berriz ekingo liokete bidaiari, kalkulatu dutenez, 80-150 eguneko iraupena izango luke ibilbideak hasierako misioetan, eta 30koa ondoren.
Gainera, eguzkiaren energia jasotzeko panelak izango lituzke, bidaian energiaz hornitzeko.
Tesla auto elektrikoak ekoizten dituen enpresaren jabeak promestu egin du "inoiz egindako" espazio-ontzirik handiena izango dela, "bi edo hiru tona" eraman ahal izango dituela, komunitateak inoren laguntza behar ez izateko baliabide guztiekin.
Lurrera itzul nahi duenak doan egin ahalko du, gaineratu duenez.
Horrez gain, baieztatu duenaren arabera, ontziaren barruan jatetxea, zinema, jolastokia eta grabitaterik gabeko aretoa egongo dira, "dibertigarriagoa" eta erakargarriagoa egiteko.
Gobernuek eta beste enpresa pribatuek bat egitea espero du Muskek, "aliantza pribatu eta publiko erraldoia" egiteko.