Erabakitzeko eskubidea
Independentzia galdeketa berria deitzeko lanean hasi dira Eskozian
Agentziak | Erredakzioa
Erresuma Batuak Europar Batasuna (EB) utzi aurretik bigarren galdeketa egin nahi duela iragarri du Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak.
Eskoziako Gobernuak datorren astean argitaratuko du independentzia galdeketa berria egiteko lege zirriborroa, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak ostegun honetan jakitera eman duenez. Gauzak horrela, Erresuma Batuak Europar Batasuna (EB) utzi aurretik galdeketa egin nahi du Sturgeonek, eskoziarrek euren etorkizuna erabaki dezaten.
“Erresuma Batuak EB utzi aurretik, Eskoziak galdeketa egiteko eskubidea du”, azaldu du Eskoziako lehen ministroak Glasgow hirian egin duen agerraldian.
Era berean, Sturgeonek aipamena egin dio Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroari: “Erresuma Batuan gauden bitartean gure interesak defendatzeko aukerarik ez badugu, Eskoziak erabakitzeko eskubidea izango du bigarren aldiz”.
Eskoziako lehen ministroak jakinarazi duen neurri horren bidez, May ministroari desafio egin nahi diola pentsa liteke. Izan ere, Londres eta Bruselaren arteko etorkizuneko negoziaketan jarrera sendoa izango duela iragarri du Erresuma Batuko lehen ministroak.
Theresa Mayk Lisboako Itunaren 50. Artikulua ezartzeko asmoa du 2017ko martxoa baino lehen. Erabaki horrekin, Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko prozesua hasiko litzateke.