Ekaineko galdeketaren ostean
Theresa Mayren gobernuak ez daki nola jokatu 'brexit'aren aurrean
agentziak | erredakzioa
'The Times'ek argitara eman duen agiri sekretu baten arabera, 'brexit'aren konplexutasuna eta torien arteko desadostasunak direla eta, Gobernuak ez daki oraindik nola jokatu.
Theresa Mayren gobernuak ez dauka plan zehatzik 'brexit'aren inguruan, eta 500 proiektu baino gehiago ditu esku artean, Erresuma Batua EBtik nola atera erabakitzeko, The Times egunkariak gaur, asteartea, argitara eman duen txosten sekretu baten arabera.
Txostena Kabinetearen Bulegoan (departamentu guztien arteko helburuak koordinatzen dituen organoa) lan egiten duen kontseilari batek egin du, eta agerian utzi ditu 'brexit'aren konplexutasuna eta Gobernu kontserbadorean estrategia dela-eta gobernuko kideen artean dauden desadostasunak. Ondorioz, beste sei hilabete beharko dituzte erabaki bat hartzeko.
Theresa Mayk Lisboako Itunaren 50. artikulua martxoa baino lehen aktibatuko duela iragarri du orain gutxi. Artikulu horrek bi urteko negoziazioa ezarriko du, EBko kide den herrialde baten irteeraren nondik norakoak zehazteko.
Halere, 'brexit'aren gaineko lanak 30.000 funtzionario gehiago kontratatzea ekarriko du, analisiaren arabera. 'Brexitaren eguneraketa' du izena txostenak, eta azaroaren 7ko data dauka, The Times egunkariaren arabera.
Tomorrow's front page: Cabinet split threatens to derail May’s Brexit talks #tomorrowspaperstoday https://t.co/WLuLg3IwrR pic.twitter.com/i0yzhU3nMX
— The Times of London (@thetimes) 14 de noviembre de 2016
Aipatutako txostenaren arabera, kritika ugari jaso ditu Theresa Mayren agintzeko moduak, berak aztertzen baititu xehetasunak, eta, ondoren, erabakiak hartu.
Gainera, Gobernuko funtzionarioek arazoak omen dituzte lan zama handia dutelako 'brexit'aren eta horrek ezarritako egutegiaren ondorioz.
"Departamentuak buru-belarri aritu dira 'brexit'a gauzatzeko proiektuak egiten, eta, ondorioz, 500 proiektu baino gehiago egin dituzte", gaineratu du.
Gobernu barruan dauden desadostasunei dagokienez, 'brexit'aren alde dauden hiru ministroen (Boris Johnson Kanpo Arazoetarako ministroa, David Davis Erresuma Batua EBtik ateratzeko ministroa eta Liam Fox Nazioarteko Merkataritzaren ministroa) eta Philip Hammon Ekonomia ministroaren eta Greg Clark Enpresa ministroaren arteko konponezinak omen daude, txosten horren arabera.
Britainiarrek ekainaren 23 erabaki zuten, bozketa baten bidez, Europar Batasunetik irtetea, 1973an EBn sartu eta gero.
sartu eta gero.sartu eta gero.