KUBA
Fidel Castro hil da, azken komandantea
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Raul Castro anaiak eman du heriotzaren berria, Kubako telebistan. Erraustu egingo dute, buruzagi historikoaren nahia hori zelako.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Fidel Castro Kubako buruzagi historikoa hil da, 90 urterekin. Raul Castro anaiak eman du albistearen berri, Kubako telebistan egin duen agerraldi berezian. "Min handiz nator herriaren aurrera, Amerikako eta munduko lagun guztiei jakinaraztera Fidel Castro Ruz Kubako Iraultzaren komandante burua hil dela 22:30ean (Euskal Herrian 04:30ean)". Oso hunkituta egin ditu hitzok Kubako egungo presidenteak.
Fidelek berak hala eskatuta, erraustu egingo dute gorpua. Fidel Castro agurtzeko ekitaldiak datorren astelehenean hasiko dira eta abenduaren 4a bitarte luzatuko dira. Agintariaren heriotza dela eta, bederatzi eguneko dolu aldia ezarri du Kubako gobernuak (azaroaren 26ko goizeko seitatik abenduaren lauko eguerdiko hamabietara).
?Doluak irauten duten bitartean ez da ikuskizun edo ekitaldi publikorik izango eta Kubako bandera masta erdian egongo da eraikin publiko eta militarretan?, iragarri du Kubako gobernuak ohar batean.
Astelehenean, Castro agurtzeko ekitaldia egingo dute Habanako Jose Marti Erreboluzioaren enparantzan. Hurrengo egunean, asteartean, Fidel Castroren errautsak Santa Ifigeniara eramaten hasiko dira. Abenduaren 3an helduko dira bertara errautsak.
Fidel Castroren errautsak abenduaren 4ean hobiratuko dituzte Santa Ifigeniako hilerrian.
Vietnamgo presidentearekin
Joan den azaroaren 15ekoa da Fidel Castroren azken irudia, Tran Dai Quang Vietnamgo presidentea bere etxean hartu zuenekoa. Abuztuaren 13an bete zituen 90 urte, eta egun horretan hartu zuen parte bere azken ekitaldi publikoan, Habanako Karl Marx antzokian. Anaia alboan zuela agertu zen, txandal zuri bat soinean, itxura ahularekin. Nicolas Maduro Venezuelako presidentearekin batera agertu ziren Castro anaiak.
Abuztutik mundu osoko agintariak igaro dira Fidelen habanako etxetik; horien artean, Hasan Rohani Irango presidentea, Marcelo Rebelo de Sousa Portugalgo burua, Shinzo Abe Japongo lehen ministroa eta Abdelmalek Sellal Arjeriako buruzagia.
Kubako Alderdi Komunistaren XVII. Batzarra egin zen apirilean, eta Fidel Castrok parte hartu zuen. Bere pentsamendu komunista berretsi zuen jarraitzaileen aurrean, eta bere diskurtsoan agur hitzak ikusi zituzten askok.
"Denei iritsiko zaigu gure ordua, baina Kubako komunisten ideiek argi erakutsi dute, mundu honetan gogoz eta duintasunez lana eginez gero, gizakiak behar dituen aldaketa materialak eta kulturalak etor litezkela. Hori lortzeko borroka egin behar dugu etenik gabe", esan zuen Fidel Castrok.
Erreakzioak
Fidel Castroren heriotzak erreakzio ugari sortu du nazioartean. Latinoamerikako agintariak izan dira lehenak hitz egiten, lider kubatarraren heriotza dela eta.