Erreakzioak
Ehunka erbesteratuk Castroren heriotza ospatu dute Miamin
Agentziak | Erredakzioa
Gehienak 'Pequeña Habana' izeneko eremuan bildu dira, eta Poliziak inguruko kaleak itxi ditu.
Ehunka pertsona Miamiko kaleetara irten dira larunbat goizaldean, Fidel Castro Iraultza Kubatarraren liderraren heriotzaren berri izan ostean.
Gehienak 'Pequeña Habana' izeneko eremuan bildu dira, eta Poliziak Versailles jatetxearen inguruko zenbait kale itxi behar izan ditu. Ehunka pertsona bildu dira eltzeak eta danborrak eskuetan zituztela "Libertad para Cuba (Askatasuna Kubarentzat)" oihu eginez.
"Fidel, tirano, llévate a tu hermano (Fidel, tirano hori, eraman ezazu zure anaia)" esaten zuten, Raul Castrori erreferentzia eginez. Aldi berean, klaxona joz auto mordoa pasa dira, Willy Chirino erbesteratutako abeslari kubatarraren erritmoan.
"Nahiago nuke nire aita hemen egongo balitz hau ikusteko", esan dio Miami Herald egunkariari Abraham Quinterok. 27 urteko herritar honek West y Ludlam Road kaleko 49. zenbakiaren parean egin du bat ospakizunekin.
"Ez dut uste ezer aldatuko denik gauetik goizera", gehitu du Victor Perez Abreuk (21 urte). Dena den, "gertatutakoa oso hunkigarria da", esan du.
"Kosta egiten zait sinestea. Beste hainbatetan ere irten garen arren, orain arte ez da egia izan. Gaurkoa bizi ahal izango ez duten senitarteko asko ditut", baieztatu du Daniel Martinek, ospakizunean parte hartu duen beste herritar batek.
herritar batek.