Dolua
Bederatzi dolu-egun Kuban, Fidel Castro omentzeko
eitb.eus
Komandantearen aldeko hileta abenduaren 4an izango da Kubako Santiagoko Santa Ifigenia hilerrian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Kubak bederatzi eguneko dolu aldia ezarri du Fidel Castro gogoratzeko. Ostiral gauean hil zen buruzagi historikoa 90 urterekin, eta haren errautsek irla zeharkatuko dute kubatar guztiek agurtzeko aukera izan dezaten. Abenduaren 4ean hilobiratuko dute Kubako Santiagon.
Heriotza izan eta ordu gutxira ohar ofiziala kaleratu zuen Kubako Estatu Kontseiluak. Oharrean Fidel Castroren hileten eta dolu aldiaren berri eman zuten.
"Doluak irauten duten bitartean ez da ikuskizun edo ekitaldi publikorik izango eta Kubako bandera masta erdian egongo da eraikin publiko eta militarretan. Era berean telebistak eta irratiak programazio informatiboa, patriotikoa eta historikoa eskainiko dute", iragarri du Kubako gobernuak ohar batean.
Kubatarrek azaroaren 28tik aurrera omendu ahal izango dute Komandantea Habanako Jose Marti Erreboluzioaren plazako memoria gunean. Bertan egongo dira bi egunez Fidelen errautsak. Orduan espero dira herri-manifestazio jendetsuak. Dena dela, azken orduetan bat-bateko elkarretaratzeak izan dira jada, Castroren heriotzagatik euren samina adierazteko asmoz, esaterako, Habanako ikasle unibertsitarioek egindakoak.
Iraultzaren Plaza hartan, gainera, omenaldi handi bat egingo diote Fideli. Horren ondoren hasiko dute Castroren errautsek Kuban barrena ibilaldia, Kubako Santiagora iritsi arte. Errautsak abenduaren 3an helduko dira Kubako Santiagora. Egun horretan ekitaldi jendetsua aurreikusi dute Antonio Maceo enparantzan buruzagiari agur esateko.
Komandantearen aldeko hileta abenduaren 4an izango da Santa Ifigenia hilerrian.
Artilleria-salbaz jotako pletora batek agurtuko du Fidel Castro
Artilleria-salbak joz agurtuko dute Fidel Castro Habanan eta Kubako Santiagon bihar, astelehena, hasi eta abenduaren 4ra arte. Hala omenduko dute Iraultza kubatarraren liderra. Kanoikadak astelehen goizean hasiko dira, goizeko 09:00etan, Habana eta Santiago probintzietan 21 salba botako baitituzte, aldi berean. Igandean, abenduak 4, tiro-kopuru berbera jaurtiko dute bi tokietan, Armada Iraultzailearen Ministerioak gaur aditzera eman duenez.
Nazioarteko ordezkaritza
Bestalde, datozen egunetan Kubara joateko euren bidaiak prestatzen ari dira nazioarteko ordezkaritzak, Castroren hileta-ekitaldien harira. Txilek, besteak beste, bertan izango dela baieztatu du dagoeneko.
Castroren garrantzi historikoa nabarmendu dute munduko agintariek
Fidel Castroren heriotzaren berri izan bezain laster, politikariak erreakzioak helarazten hasi ziren. Latinoamerikako agintariak izan dira lehenak hitz egiten: Venezuelako, Kolonbiako eta Boliviako presidenteak, besteak beste.
Bestalde, Europako agintariek ere adierazpenak egin zituzten, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak eta François Hollande frantziarrak, esaterako.
Horrez gain, Barack Obama AEBko presidenteak atsekabea adierazi zuen agiri batean; Donald Trumpek, aldiz, esaldi labur bat argitaratu zuen Twitterren, ?Fidel Castro hil da!?.
Ehunka erbesteratuk Castroren heriotza ospatu dute Miamin
Ehunka pertsona Miamiko kaleetara irten ziren larunbat goizaldean, Fidel Castro Iraultza Kubatarraren liderraren heriotzaren berri izan ostean.
Gehienak 'Pequeña Habana' izeneko eremuan bildu dira, eta Poliziak Versailles jatetxearen inguruko zenbait kale itxi behar izan ditu. Ehunka pertsona bildu ziren eltzeak eta danborrak eskuetan zituztela "Libertad para Cuba (Askatasuna Kubarentzat)" oihu eginez.