Itxi

Habana

Kubak agur esan dio Castrori: 'Garaipenera arte, beti!'

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Iraultzaren plaza, lepo, ekitaldi jendetsu baten agertoki izan da, nazioarteko agintari eta ordezkariak bertan zirela. Hitzaldian, haren ibilbide historikoaren errepasoa egin dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Fidel Castrori Habanako Iraultzaren Plazan egindako ekitaldi jendetsuan azken hitzaldia Raul Castro Kubako presidenteak egin du. Bertan, historiaren mugarriak gogorarazi ditu, Laborantzaren Erreforma, 'Che' Guevararen heriotza eta "garai berezia", besteak beste, eta oihukatu du amaieran, han zeuden milaka eta milaka kubatarrekin batera: "Garaipenera arte, beti!".

"Hemen, hain justu, gure garaipenak gogoratzen ditugun lekuan, gure herri onbera, gatazkatsu eta heroikoarekin batera, diotsugu: Garaipenera arte, beti!", esan du Castrok, ostiralean, 90 urte zituela, hil zen Kubako Iraultzaren komandanteari agur esateko ekitaldi jendetsuan.

Azaroaren 25ean Fidel anaiaren heriotzaren berri emateko telebistan agertu zenetik egin duen lehen agerraldi publikoa izan da. Fidelek orain dela 10 urte izendatu zuen bere ondorengo, gaixotasun batek bultzatuta.

Raul Castrok eskerrak emanez hasi du hitzaldia, Kubako herriaren, Alderdi Komunistaren eta Castrotarren izenean, ekitaldian parte hartu duten agintarien "hitz zirraragarriak" eta "dolu eta konpromiso handiko garai honetan, mundu osotik erakutsitako elkartasun, maitasun eta errespetu adierazpen guztiak" eskertzeko.

Fidelek "bizitza eman zuen elkartasunaren alde, jende umilaren iraultza sozialista gidatu zuen, jende umilaren alde eta jende umilarentzat, eta kolonialismoaren, apartheidaren eta inperialismoaren aurkako gatazkaren eta herrien duintasunaren eta burujabetzaren ikur bihurtu zen", gaineratu du.

"Bere hitz zirraragarriek oihartzuna dute oraindik plaza honetan", esan du, Habanan esanahi handia duen toki horretan izandako gertaera nagusiak errepasatu baino lehen. Hainbatetan bete zuen plaza hori Fidel Castrok hitzaldi eta ekitaldietan, eta agur esateko ekitaldian ere bete du.

Leku horretan berretsi zuen Fidelek Laborantza Erreformaren Legea, Iraultzaren ondoren onartutako neurri nagusietako bat.

"Hemen aldarrikatu zuen Fidelek nekazaritzaren erreforma, eta gauzatu egin genuen. Gaur, 57 urte geroago, sortu eta gidatu zuen gizona omentzen ari gara", esan du Kubako presidenteak.

Era berean, Habanako 1960ko eta 1962ko lehen eta bigarren adierazpenak bozkatu zituzten, uhartearen burujabetasuna eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunarekiko eta Txinarekiko harremanak berresteko.

"Amerikako Estatuen Erakundeak babestutako erasoen aurrean, Fidelek zera esan zuen: aberriaren atzean, bandera askearen atzean, iraultza askatzailearen atzean, bere independentzia eta Latinoamerika askearen patua defendatzeko prest dagoen herri duin bat dago", gaineratu du.

"Eta horrekin batera, Kuba analfabetismorik gabeko herri izendatu zen 1961ean", azaldu du Raul Castrok, Alfabetizazio Kanpaina gogora ekarrita. Ekimen horri esker, 707.000 kubatarrek idazten eta irakurtzen ikasi zuten, eta doako hezkuntza ezarri zuten.

"Gure garaipenak gogoratzen ditugun leku honetan, hain zuzen, zera esaten dizugu gure herri onbera, gatazkatsu eta heroikoarekin batera: Garaipenera arte, beti!", esan du Kubako presidenteak, dardaratsu. "Ni Fidel naiz", "Raul, lagun, herria zurekin dago" oihuak entzun dira ondoren.

http://www.eitb.eus/eu/tag/fidel-castro/

Albisteak (8)

Bideoak (2)