Frantzia
Hollandek Bernard Cazeneuve aukeratu du lehen ministro izateko
Agentziak | Erredakzioa
Manuel Valls Frantziako Gobernuko buruak kargua utziko duela iragarri du, alderdi sozialistaren barne hauteskundeetara aurkezteko.
François Hollande Frantziako presidenteak Bernard Cazeneuve, orain arte Barne ministro izandakoa, hautatu du lehen ministro izateko, Eliseoko iturrien arabera.
Manuel Valls Gobernuko buruak kargua utziko duela iragarri ostean jakinarazi dute erabakia. Izan ere, Manuel Valls alderdi sozialistaren barne hauteskundeetara aurkeztuko da, 2017ko apirileko hauteskunde orokorretan hautagai izateko.
"Vallsek Errepublikako presidenteari eman dio dimisioa eta onartu egin du", Eliseoak agiri batean baieztatu duenez. Hedabide frantziarren esanetan, bien arteko bilerak 35 minutu iraun du.
"Errepublikako presidenteak Bernard Cazeneuve aukeratu du lehen ministro izateko, eta gobernu berria sor dezan eskatu dio", zehaztu dute oharrean.
Cazeneuvek 53 urte ditu eta Vallsen ibilbide bera egiten ari da oraingoz, lehen ministro izan aurretik, Barne ministro izan baitzen Valls ere.
Era berean, Barne ministro berriaren izena ere eman du ezagutzera Eliseoak. Bruno Le Roux, diputatu sozialisten buru izan dena, izango da Barne ministro berria.