Eraso informatikoak
Obamak Errusia zigortu du, AEBko hauteskundeetan izandako erasoengatik
Agentziak | Erredakzioa
AEBko Gobernuak 72 orduko epea eman die Errusiako 35 diplomatikoei, herrialdetik irten daitezen.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Errusiak 2016ko Etxe Zurirako hauteskundeetan esku hartu zuelakoan, AEBko Gobernuak 72 orduko epea eman die Errusiako 35 diplomatikoei, herrialdetik irten daitezen. Obamaren esanetan, AEBko hauteskunde-kanpainan izandako eraso informatikoetan esku hartu zuten.
AEBko Gobernuak ostegun honetan iragarri duenez, “personae non gratae” gaitzespen izendapena ezarri die. Hala, Whasingtongo errusiar enbaxadan eta San Frantziskoko kontsulatuan lan egiten duten Errusiako 35 funtzionarioei 72 orduko epea eman die herrialdetik irteteko.
AEBk ohar baten bidez ziurtatu duenez, langile horiek beraien estatus diplomatikoarekin bat ez datorren moduan ari ziren lanean.
Ildo horretatik, Etxe Zurirako hauteskunde-kanpainan izandako eraso informatikoekin nolabaiteko lotura izan lezaketen hamaika pertsona, erakunde eta enpresa zigortzeko agindua sinatu du ostegun honetan AEBko presidente den Barack Obamak.
Alabaina, aurrekoa Errusiaren ekintza oldarkorrei emandako erantzun bat besterik ez dela eta herrialde horri zigor gehiago ipiniko dizkiotela iragarri du Obamak, Etxe Zuriak zabaldutako ohar baten bidez.
Halaber, Errusiaren kontra hartuko dituzten erabaki batzuk sekretupean izango dituztela jakinarazi du AEBko presidenteak.
Beste alde batetik, Errusiak ziurtatu du zigor horien bitartez Etxe Zuriko presidente berriarekin (Donald Trump) harremanak zailtzea bilatzen duela Obamaren Gobernuak.
Konstantin Dolgov Kremlinaren ordezkariak ziurtatu duenez, zigor horien bidez bi herrialdeen arteko harremanak zailtzea eta apurtzea izango da AEBk lortuko duen helburu bakarra.