Bilera Lisboan
Terrorismoaren aurka aritzea, Europa hegoaldeko buruen xede nagusia
Agentziak | Erredakzioa
Frantzia, Italia, Portugal, Espainia, Grezia, Txipre eta Maltako agintariek bilera egin dute Lisboan.
Europa hegoaldeko herrialdeetako agintariek bilera egin dute larunbat honetan Lisboan (Portugal), eta, bertan zehaztu dutenez, honako gai hauek lehenetsi dituzte kontinente barruko zein kanpoko segurtasuna bermatze aldera: euren lurretan talde terroristek kide berriak bil ditzatela ekiditea eta mutur daitezela saihestea. Asmo horiek jaso dituzte biltzarretik atera den adierazpenean.
Izan ere, biltzar horretara bertaratu diren gobernuburu eta estatuburuek segurtasun gaiak jorratu dituzte nagusiki, baina baita hazkunde ekonomikoaren eta migrazio fluxuen inguruko gaiak ere.
Terrorismoaren arazoari aurre egiteko, zenbait hiriburutan presente dagoen "bazterketa soziala" eragoztearen alde agertu dira agintariak, euren esanetan, horixe baita muturtze-prozesuaren arrazoietako bat.
Aldi berean, bai informazioa trukatzeko sistemak, bai herrialdeen agintarien arteko kooperazio operatiboa hobetu nahi dituzte. Schengen espazioari dagokionez, barneko mugarik gabekoa izaten jarraituko duela baieztatu dute.
Honako hauek izan dira biltzarrean parte hartu duten agintariak: anfitrioi lanetan ibili den António Costa Portugaleko lehen ministroa, eta Frantzia (François Hollande), Italia (Paolo Gentiloni), Espainia (Mariano Rajoy), Grezia (Alexis Tsipras) Txipre (Nicos Anastasiades) eta Maltako (Joseph Muscat) presidenteak.