Itxi

Atxiloketak

Hainbat errefuxiatu atxilotu dituzte AEBn, Trumpen aginduaren ostean

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Protestak egin dituzte Trumpek hartutako neurrien aurka; bitartean, zenbait hegazkin-konpainia herrialde debekatuetako bidaiariak ez onartzeari ekin dio.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Zenbait errefuxiatu eta migratzaile atxilotu dituzte larunbat honetan AEBra iritsi direnean, Donald Trump herrialdeko presidenteak ostiralean sinatutako agindua dela eta, bertako hedabideek azaldu dutenez.

New Yorkeko aireportuan atxikitako bi irakiarren abokatuek mozioa aurkeztu diote epaile bati, aska ditzaten, eta ilegalki atxilotzen ari diren beste pertsona batzuk defendatzeko.

Trumpek ostiralean sinatutako agindu exekutiboaren arabera, 120 egunez AEBn ezin izango dute errefuxiaturik hartu, mekanismoak berrikusi eta erradikaaek Estatu Batuetan ez sartzea ziurtatzeko.

Gainera, gehiengo musulmana duten hainbat herrialdetako biztanleek ezin izango dute bisarik lortu "muturreko zenbaketa" egitea lortu arte. Zenbait erakunderen esanetan, migrazio musulmana debekatzeko urratsa da. Libia, Sudan, Somalia, Siria, Irak, Yemen eta Iran dira muga hori duten herrialdeak.

Protestak JFK aireportuan

Hainbat pertsonak elkarretaratzea egin dute JFK aireportuko terminaletako batean, Trumpek onartutako neurrien auka protestatu eta aipatu neurrien eraginez atxilotu dituzten pertsonak aske gera daitezela eskatzeko.

Make the Road elkarteak bere erabakia bertan behera uztea eskatu dio Trumpi ohar baten bidez. Bestalde, Nydia Velázquez kongresista demokrata ere aireportura bertaratu da, eta egoera salatu du: "Une honetan JFK aireportuan gertatzen ari dena Estatu Batuetako balioen aurkako iraina da".

Debekuak 'Green card' txartelaren jabeei ere eragin liezaieke

'Green card' txartela, hots, AEBetan bizi eta lan egitea ahalbidetzen duen agiria duten pertsonak ere Trumpen erabakiaren eraginpean egon litezke, Gillian Christensen Barne Segurtasun Saileko bozeramaileak Reuters agentziari ohartarazi dionez.

Horrez gain, eta The Wall Street Journal egunkariaren arabera, betoak beste herrialde bateko pasaportea dutenei ere eragiten die.

Egunkariak Estatu Departamentuak laster argitaratuko duen komunikatu batean oinarritzen du bere informazioa, eta, bere esanetan, Etxe Zuriak plazaratutako neurria Libia, Sudan, Somalia, Siria, Irak, Yemen eta Iranetik haratago doa.

Izan ere, The Wall Street Journalek argitaratu duenez, hartutako erabakiak herrialde horietako jatorria duten edozein herritarrei eragiten die, nahiz eta beste nazio bateko pasaporteren bat izan.

Horrenbestez, bigarren nazionalitatetzat britainiarra den irakiar bat ezingo da AEBn sartu, Erresuma Batuko pasaportea erabili arren.

Aitzitik, betoa ez zaie aplikatuko estatubatuar herritartasuna izan, baina aldi berean zazpi herrialde horietakoren bateko nazionalitatea dutenei.

KLM hegazkin-konpainiak euren herrialdeetara itzuli ditu bidaiari bi

AEBra joateko asmoz Amsterdamen hegazkinez aldatu behar zuten bi bidaiarik, Ekialde Erditik zetozenak, euren jatorrizko herrialdeetara bueltatu behar izan dute.

KLM hegazkin-konpainiaren esanetan, erabaki hori hartzeko arrazoia helmugatzat zuten herrialdean ez zietela sartzen utziko izan da.

"Aireportuan bertan eman behar izan diegu horren berri eta itzulerako txartela bat eskaini diegu", azaldu dute konpainiako iturriek.

Horrez gain, Herbehereetako hiriburuan hegazkinez aldatu behar zuten, baina oraindik euren herrialdeetan hegazkina hartu gabe zeuden beste bost bidaiariri ere bidaia bertan behera uzteko gomendatu diete.

Iranek estatubatuarrei sarrera debekatuko die

Iraneko Gobernuak gaur jakitera eman duenez, elkarrekikotasun printzipioa aplikatuko dio Ameriketako Estatu Batuei, eta, ondorioz, ez du bidaiari estatubatuarrik onartuko.

Herrialdeko horretako Kanpo Arazoetarako Ministerioak ohar baten bidez azaldu duenez, "Iraneko Errepublika Islamiarrak, bere herritarren eskubideak defendatzeko eta AEBko murrizpen iraingarriak konpontzen diren artean, elkarrekikotasun printzipioa aplikatuko du".

Albisteak (4)

Bideoak (1)