Itxi

Europar Batasuna

Trumpen politika Europarentzat mehatxua dela esan du Tuskek

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Arrazoi horregatik, Txina, Errusia edota AEBren menpekotasunari aurre egin ahal izateko, batasuna eskatu die Europako herrialdeei.

Donald Tusk. Artxiboko argazkia: EFE

Donald Trump AEBko presidente berriaren politika Europako herrialdeentzat mehatxua dela esan du astearte honetan Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak. Horren esanetan, Trumpek onartutako neurriek egoera zailean jartzen dute Europar Batasuna. Arrazoi horregatik, Txina, Errusia edota AEBren menpekotasunari aurre egin ahal izateko, batasuna eskatu die Europako herrialdeei.

“Washingtongo aldaketa mehatxu bat da Europar Batasuneko herrialdeentzat, AEBko Gobernu berriak azken 70 urteetako kanpo politika zalantzan jartzen duela ematen duelako”, esan du Europako Kontseiluko presidenteak.

Europar Batasuneko herrialdeei bidali dien mezuan, batasuna arriskuan jartzen duten hiru mehatxu azpimarratzen ditu Tuskek. Arazo horri aurre egin ahal izateko, batasuna indartu beharra dagoela dio.

Nazioarteko egungo egoera geopolitikoari dagokionez, Errusiak bere auzokideekin duen jarrera oldarkorra kritikatu du Tuskek. Horren arabera, Afrikan Estatu Islamikoaren mehatxuak aurrera egin ahala, Ekialde Hurbilean “gerra, ikara eta anarkia” areagotzen ari dira.

Testuinguru horretan, AEBko Gobernu berriaren jarrera kritikatu du Europako Kontseiluko presidenteak, eta Trumpek hartzen dituen erabakiek Europar Batasunean aurrez ikusi ezin daitezkeen ondorioak ekar ditzakeela gaineratu du.

“Denborarekin gero eta alde handiagoak erakusten ari den mundu baten aurrean gaude, eta herritar asko euroeszeptikoak bihurtzen ari dira”, azaldu du Tuskek. Hala, Europa batuta egon denean egoera askoz hobea izan dela azpimarratu du, eta zatituta egon denean ikasitakoak ekarri ditu gogora.

Albisteak (1)