Biografia
Steve Bannon, Donald Trumpen politika polemikoenen 'burua'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Trumpen hitzaldi gogorrenek eta neurri polemikoenek haren ukitua dute, hala nola hainbat herrialde musulmanetako etorkinei jarritako betoak.
Zirikatzailea, polemikoa, arrazista, matxista… Stephen Bannon Etxe Zuriko aholkulari nagusia deskribatzeko gehien erabiltzen diren hitzak dira. AEBko eskuin mutur erradikalaren burua da, eta Donald Trump presidentean eragin handiena duen kontseilaria.
Trumpen hitzaldi gogorrenek eta neurri polemikoenek Bannonen ukitua dute, hala nola hainbat herrialde musulmanetako etorkinei jarritako betoak.
Presidentearen hauteskunde-kanpainako burua izan zen Bannon, eta, aldez aurretik, arrakasta lortu zuen Breitbart albiste webgune erradikalarekin. Sarean, eragin handia izan du sektore kontserbadoreenetan.
Webgune horretan, Bannonek zurrumurruak eta konspirazio-teoriak publikatu ditu, gizon zurien nagusitasuna defendatzeko.
Besteak beste, tankera honetako titularrak irakurri ahal izan dira webgunean: "Nahiago zenuke zure seme-alaba feminista izatea ala minbizia edukitzea?".
Steve Bannon Norfolken (Virginia) jaio zen, AEBko Marinaren base handi batetik gertu. Gaztetan Armadarekin bat egin zuen, eta lau urte eman zituen gerra-ontzi batean. Ondoren, lana eman zioten Pentagonoan.
Horren ostean, Goldman Sachs bankuan ibili zen, eta inbertsio konpainia bat sortu zuen.
90eko hamarkadan, Hollywoodera joan zen, eta hainbat film eta dokumental eskuindar ekoitzi zituen.