Donald Trumpen Gobernua
AEBko Segurtasun Nazionalerako aholkulariak dimisioa eman du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Michael Flynnek kargua utzi du, hauteskunde kanpainan Errusiako enbaxadorearekin izandako elkarrizketa bat argitaratu ostean hedabide batek.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Michael Flynn AEBko Segurtasun Nazionalerako aholkulariak dimisioa eman du, Errusiako enbaxadorearekin izandako elkarrizketa baten inguruan Mike Pence presidenteordeari eta Etxe Zuriko beste hainbat goi karguduni gezurra esan ziola ezagutzera eman ostean.
Flynnek hilabete eskas egin du karguan, eta azkenaldian kritika ugari jaso ditu, AEBk abenduan Errusiari isun berriak ezarri bezperan Sergei Kisliak Errusiak AEBn duen enbaxadorearekin aritu zela aireratu zenetik.
Aurrez, Sean Spicer Etxe Zuriko bozeramaileak ohar bidez jakinarazi zuen Donald Trump "egoera aztertzen" ari zela eta Mike Pence presidenteordearekin bilera egin zuela. Mike Pencek publikoki esan zuen AEBko Segurtasun Nazionalerako aholkulariak eta Errusiak AEBn duen enbaxadoreak ez zutela isunen gaia jorratu.
The Washington Post egunkariak iragan astean argitaratutako informazioaren arabera, elkarrizketa horretan Errusiari jarritako isunak izan zituzten hizpide. Hori dela eta, Michael Pence Michael Flynnekin bildu zen.