Laguntzak
NATOrekin hartutako konpromisoa murriztearekin mehatxu egin du AEBk
Agentziak | Erredakzioa
Herrialdeei laguntzak handitu ditzaten eskatu die James Mattis Amerikako Estatu Batuetako Defentsa idazkariak gainontzeko herrialdeei.
NATOko kide diren herrialdeek erakunde horri laguntza gehiago eman ezean, Aliantza Atlantikoarekin hartutako konpromisoa murriztu egingo duela jakinarazi du asteazken honetan James Mattis Amerikako Estatu Batuetako Defentsa idazkariak.
“AEBk bere eginkizunak beteko ditu, baina erakunde horren kide diren gainontzeko herrialdeek laguntza gehiago eman ezean, AEBk Aliantza Atlantikoarekin duen konpromisoa murriztuko du”, ziurtatu du Mattisek beste Defentsa ministroekin egindako bileran.
Bilerara iritsi orduko, AEBrentzat oinarrizko erakundea dela aitortu du AEBko Defentsa ministroak, baina hartutako konpromisoa mantentzeko diru gehiago jarri dezaten eskatu die gainontzeko herrialdeei.
Ildo horretatik, defentsan egindako inbertsioa Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 2a izateko eta garapen iraunkorra bermatzeko plana ezartzea eskatu du idazkari estatubatuarrak, 2014an Galeseko goi-bileran adostu zuten bezala.
“Herrialde batek % 2ko helburua lortuko balu, beste herrialdeek bere laguntza beharko lukete”, esan du Mattisek. “Helburu hori lortzeko planik baduzue, Aliantzak aurrera jarraitzeko babesa emango dizue. Eta oraindik planik izan ez ezean, funtsezkoa da laster prestatzea”, gaineratu du.