Ameriketako Estatu Batuak
Trumpek gerra deklaratu die Gobernu barruko filtrazioei
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
AEBko presidenteak ziurtatu duenez, filtrazioen egileek 'gogotik ordainduko dute' egindakoa.
Donald Trump AEBko presidenteak Gobernu barruko filtrazio "kriminalak" ikertzeko eskatu dio Justizia Sailari, Etxe Zurian egin duen prentsa agerraldi luzean iragarri duenez. Izan ere, presidente kargua hartu zuenetik hainbat filtrazio argitaratu dituzte hedabideek.
Trumpen esanetan, bere kanpainako eta Errusiako Gobernuaren arteko harremanei buruz argitaratutako informazioa "faltsua" da, baina filtrazioak "benetakoak" dira. Halaber, Barack Obamaren Administrazioko jendeak egindako filtrazioak izan direla iradoki du.
AEBko presidentearen hitzetan, funtzionario horietako asko agentzia federaletan ari dira lanean, harik eta Senatuak Trumpek izendatutako pertsonak onartu arte. Baina Senatuaren onespena asko luzatzen ari dela azpimarratu du.
AEBk abenduan Errusiari isun berriak ezarri bezperan, Michael Flynn AEBko Segurtasun aholkularia Sergei Kisliak Errusiak AEBn duen enbaxadorearekin aritu zela aireratu zuen The Washington Post egunkariak. Mike Pence presidenteordeari eta Etxe Zuriko beste hainbat goi karguduni gezurra esan ziola zabaldu ostean, dimisioa eman zuen.
Gobernu barruko tirabirei buruzko informazioa argitaratu dute hedabideek, funtzionarioek egindako filtrazioei esker antza, eta horrek presidentearen sumindura eragin du.