Trumpen Gobernua
McMaster AEBko Segurtasunerako aholkulari izendatu du Trumpek
Agentziak | Erredakzioa
Michael Flynnek dimisioa aurkeztu ostean eman du izendapen horren berri. Errusiako zenbait funtzionariorekin izandako elkarrizketek kargua uztera behartu zuten.
Donald Trump AEBko presidenteak astelehen honetan egindako agerraldi batean iragarri duenez, H.R. McMaster jenerala izango da AEBko Segurtasun Nazionalerako aholkulari berria. Errusiako zenbait funtzionariorekin izandako elkarrizketak aireratu ostean aurkeztu zuen dimisioa Michael Flynnek.
Donald Trump McMasterrekin batera izan da Floridan, aurrez iragarrita ez zegoen agerraldi batean. AEBko Segurtasun Nazionalerako aholkulari berria ?gaitasun eta esperientzia handiko gizona? dela esan du AEBko presidenteak.
?Azken bi egun hauetan gauza asko irakurri ditut, eta Segurtasun Indarrek errespetu handia diote McMaster jeneralari?, esan du Trumpek.
Dena dela, AEBko presidenteak gogoan zuen lehen izena ez zen McMaster jeneralarena, joan den astean Robert Harward aukeratu baitzuen (Flynnek kargua utzi ostean). Alabaina, AEBko Segurtasun Nazionalerako aholkulari izateari uko egin zion Harwardek.
Trump eta McMasterrekin batera, Keith Kellogg jenerala izan da (AEBko Segurtasun Nazionalerako aholkularitzan kabinete arduraduna izango dena).
Flynnek 21 egun besterik ez du eman karguan, eta azkenaldian kritika ugari jaso ditu. Horren aurrean, AEBko presidenteak aurre egin behar izan dio egoera horri.
Asteburua Floridan igaro du Trumpek, eta AEBko Segurtasunerako aholkulari izateko hautagaiekin bildu da.