FRANCIA
Hamaika polizia zaurituta Nantesen, Le Penen aurkako protesta batean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zortzi lagun atxilotu zituzten Frantziako segurtasun indarrek, atzo iluntzean izandako enfrentamenduetan.
Gutxienez hamaika polizia eta gendarme zauritu ziren, atzo, Nantesen (Frantzia), Marine Le Pen Fronte Nazionaleko kidearen aurka deitutako protesta batean.
Bruno Le Roux Frantziako Gobernuko Barne ministroak jakitera eman duenez, zortzi lagun atxilotu zituzten, enfrentamenduekin lotuta.
Le Penek Frantziako presidentziarako hauteskunde kanpainaren baitan ekitaldia du, gaur, Nantesen, eta horren kontrako protesta deitu zuten atzo, 'Faxismoa ez da pasatuko' lelopean.
Barne ministroaren arabera, mobilizazioa amaitzear zela, 200 bat lagunek molotov koktelak jaurti zituzten. Orotara, 2.200 lagun inguruk hartu zuten parte protestan, Frantziako Gobernuak jakinarazi duenez.
15:00etan da hastekoa, gaur, Le Penen hitzaldia hiri horretan. Inkesten arabera, lehen itzulian faborito nagusia da hautagai ultraeskuindarra. Bigarren itzulian baina, François Fillon zentro eskuineko hautagaiak eta Emmanuel Macron En Marchako ordezkariak hartuko liokete aurrea.