Itxi

Presidentea

AEBko fiskal nagusia Errusiako enbaxadorearekin bildu zen kanpainan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Jeff Sessions fiskal nagusiak isilean gorde zituen bilera horiek bere karguaren zina egiteko saioan Moskurekin izandako balizko kontaktuei buruz galdetu ziotenean.

Jeff Sessions, AEBko fiskal nagusia. Argazkia: EFE

Jeff Sessions Ameriketako Estatu Batuetako fiskal nagusia bi aldiz batu zen Sergei Kisliak Errusiako enbaxadorearekin joan zen urtean. Bilera horiek AEBko presidentea hautatzeko hauteskunde kanpainaren zehar izan zituen, eta ez zuen horien berri eman bere kargua zina egiteko saioan Moskurekin izandako balizko kontaktuei buruz galdetu ziotenean.

Justizia Departamentuko zenbait iturrik The Washington Post egunkariari baieztatu diotenaren arabera, aipatu bilera horiek uztailean eta irailean izan ziren, bigarrena Sessionsen bulegoan bertan (orduan senataria zen). AEBko inteligentzia agentziak gerora zabaldu zuenez, garai hartan Moskuk bultzatutako zibereraso kanpaina bat egon zen martxan, hauteskunde kanpainan eragin eta Donald Trumpen hautagaitzari laguntzeko asmoz.

Bere kargua berresteko saioan, Sessionsi galdetu zioten ea zer egingo zukeen Trumpen lantaldearekin lotutako norbait kanpainan zehar Errusiako Gobernuarekin komunikatu izan balitz. Hauxe erantzun zuen: "Ez nago mota horretako jardueren jakinaren gainean".

"Bi edo hiru aldiz hots egin didate ordezkari gisa kanpainan zehar, eta ez dut errusiarrekin harremanik izan", adierazi zuen. Alabaina, orain baieztatu egin dute kontatuk horiek egon zirela, baina bere lantaldeko iturriek zabaldu dutenez, Sessionsek ez zituen berbaldi horiek garrantzitsutzat jo.

"Bere erantzunean ez zen ezer engainagarririk egon", iritzi dio Sarah Isgur Flores Sessionsen bozeramaileak.

Aurretik, urtarrilean, senatari demokrata batek hainbat galderari idatziz erantzun ziezaiola eskatu zion Sessionsi. Tartean azaroaren 8a baino lehen edo ondoren Errusiako Gobernuarekin nolabait lotuta dagoen norbaitekin harremanik izan ote zuen galdetu zion. Sessionsen erantzuna ezezko borobila izan zen.

Bere bozeramaileak defendatu duenez, Sessionsek Kisliak enbaxadorearekin izandako bilerak Zerbitzu Militarren Batzordeko kide gisa egin zituen, Trumpen kanpainako ordezkari gisa egin beharrean. "Errusiaren eta Trumpen kanpainaren arteko komunikazioei buruz galdetu zioten, eta ez senatari eta Zerbitzu Militarren Batzordeko kide gisa izandako kontaktuei buruz".

Horrez gain, Floresek esan duenez, Sessions atzerriko 25 enbaxadore baino gehiagorekin bildu zen joan zen urtean.

Aipatu kontaktuak argitara eramateak beste oztopo bat ekar liezaioke Trumpek zuzentzen duen Gobernuari; izan ere, fiskal nagusi gisa Sessionsek Justizia Departamentua eta FBI gainbegiratzen ditu, eta horiek arduratu dira bai Errusiak hauteskundeetan izandako balizko esku-hartzeak, bai Trumpen gertukoek Moskurekin izan dituzten harremanak ikertzeaz.

Joan zen otsailean, Michael Flynn AEBko Segurtasun Nazionalerako aholkulariak dimisioa eman behar izan zuen, Errusiako enbaxadorearekin izandako elkarrizketa baten inguruan Mike Pence presidenteordeari eta Etxe Zuriko beste hainbat goi karguduni gezurra esan ziola ezagutzera eman ostean.

Albisteak (3)