Hauteskundeak Frantzian
François Fillonen kanpainako bozeramaileak dimisioa eman du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hainbat kargudun publikok eta alderdikidek beren babesa erretiratu diote jada Errepublikanoak alderdiaren hautagaiari.
Thierry Soler François Fillon Errepublikanoak alderdiaren Frantziako presidentegaiaren kanpainako bozeramaileak dimisioa eman du, Twitterren duen kontuan gaur iragarri duenez. Aste honetan jakin denez, Fillonek epailearen aurrean deklaratu beharko du martxoaren 15ean, bere emaztearen ustezko enplegu faltsuen auzian, eta inputatu egingo dute.
"Hauteskunde primarioetako antolatzaile izan naizen aldetik, François Fillonen bozeramaile izateari uztea erabaki dut", adierazi du Solerek Twitterren duen kontuan argitaratu duen mezu batean.
Organisateur de la primaire, j ai décidé de mettre fin à mes fonctions de porte-parole de @FrancoisFillon
? Thierry SOLERE (@solere92) 3 de marzo de 2017
Dagoeneko 65 kargudun publikok beren babesa erretiratu diote errepublikanoen presidentegaiari apirilaren 23ko eta maiatzaren 7ko Frantziako hauteskundeei begira.
Babesa erretiratu dioten horien artean daude, besteak beste, Bruno Le Maire ministro ohi eta kanpainako Atzerriko Gaietarako arduradun ohia, Gilles Boyer diruzaina, Pierre Lellouche eta Georges Fenech diputatuak (Nicolas Sarkozy presidente ohiaren hurbilekoak biak) eta Nadine Morano eurodiputatua.
François Fillon Frantziako Errepublikanoak alderdiaren presidentegaiak ez du bere hautagaitza erretiratuko, inputatu arren. Are gehiago, politikoki hil nahi dutela salatu du.
Fillonen aldekoek mobilizazioa deitu dute iganderako Parisen, Trocadero plazatik abiatuta.