Frantzia
Juppe ez da Presidentetzarako lehiatuko
agentziak
Primarioetan porrot egin zuen hautagaiak esan du ez duela bere burua gai ikusten familia politikoa bateratzeko. Minutu batzuk lehenago, hiruren arteko bilera eskatu du Sarkozyk.
Alain Juppe Frantziako lehen ministro ohi eta eskuinaren primarioetan porrot egin zuen hautagaiak baieztatu egin du gaur, astelehena, ez dela Presidentetzarako hautagaia izango, ez baitu bere burua familia politikoa bateratzeko gai ikusten.
Bordelen egindako agerraldi batean Juppek onartu duenez, "beranduegi" da, eta, gainera, ez du frantziarrek nahi duten "berritzea" ordezkatzen.
Horren ildotik, penagarritzat jo du Frantziako eskuinaren primarioetako "eralgiketa". Fillon gailendu egin zen hauteskunde horietan, Juppe eta Nicolas Sarkozyren aurrean, emaitza hobeak lortuko zituztela aurreikusi arren.
"Bosgarren Errepublikan ez dira sekula Presidentetzarako hauteskundeak egin halako egoera nahasgarrian", onartu du Juppek. Edonola ere, Errepublikanoak alderdian dagoen krisia gorabehera, "ez da berandu Frantziarentzat", azpimarratu du.
Bestalde, Juppek agerraldia egin baino minutu batzuk lehenago, Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohiak François Fillon hautagaiarekin eta Alain Jupperekin bilera bat egitea eskatu du, "konponbide duina eta sinesgarria lortzeko, egoerak ezin baitu bere horretan jarraitu".
"Egoeraren larritasunaren aurrean (…) bakoitzak dena egin behar du batasunari eusteko", esan du Errepublikanoak alderdi kontserbadoreko presidente ohiak ohar baten bidez.
Sarkozyren ustean, egoera jasangaitza da, eta "ezinegon sakona sortzen du frantziarren artean".