Bilera
Paris eta Berlin, Europan integrazio maila ezberdinak onartzearen alde
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasunaren etorkizuneko erronkei buruz hitz egin dute, eta Erresuma Batuaren irteerari tarte handia eskaini diote. Segurtasuna indartu bar dela esan du Hollandek.
Europar Batasunaren (EB) etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko herrialde bakoitzaren integrazio maila errespetatu begar dela azpimarratu dute astelehen honetan François Hollande Frantziako presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako presidenteak.
?Ezin dugu eraginik izan banaketa nagusitzen bada. Batasunak ez du berdintasuna suposatzen, eta, herrialdeen garapena areagotzeko Europako herrialdeen arteko harremanak aldatu egin behar direla uste dut, integrazio maila ezberdinak kontuan hartzen dituena?, azpimarratu du Hollandek Merkelekin eta Italiako eta Espainiako presidenteekin izandako bileraren ostean.
Alemaniako presidenteak Frantziako presidentearen iritzia babestu du Versaillesen (Frantzian) egindako bileran. Ildo horretatik, beste herrialde batzuk aurretik doazela onartzeko ausardia izatea ezinbestekoa dela azpimarratu du Merkelek. Dena dela, atzetik doazen herrialdeei laguntza ezin zaiela kendu gaineratu du.
Beste alde batetik, Europar Batasunean jarraitu nahi duten herrialde guztiekin Espainiak integratzeko ahalegin gehiago egiteko prest dagoela nabarmendu du Mariano Rajoyk. Paolo Gentilloni Italiako presidenteak, berriz, Europar Batasunak herrialde guztiak hartzen dituen proiektua garatzen duen bitartean horietako bakoitzaren asmoei erantzun bat emateko gaitasuna izan behar duela esan du.
Bilera horretan Europar Batasunaren etorkizunari buruz hitz egin dute lau presidenteek, eta Erresuma Batuaren irteerari tarte handia eskaini diote.
Europar Batasunaren segurtasuna indartu behar dela esan du Hollandek. Halaber, terrorismoari aurre egiteko mugetan kontrola handitzea, migrazioaren erronkari aurre egitea eta merkataritzako interesak defendatzea aipatu ditu beste lehentasunen artean.
Populismoen aurrean, Europak duen esanahia argi utzi behar dela esan du Holladek. Hala, sistema ekonomikoa ez ezik balioak ere badirela nabarmendu du.
Merkelen esanetan, Europar Batasunak bultzada, baikortasuna eta erronkei aurre egiteko gaitasuna behar du proiektuak aurrera egin dezan eta herritarren ongizatea bermatu dadin.