Itxi

Txostena

24 milioi pertsona osasun-asegururik gabe utzi nahi ditu Trumpek AEBn

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Aldaketa horri esker, errepublikanoen helburu nagusia beteko litzateke, eta, hamar urtean, 337.000 milioi dolarrean murriztuko litzateke herrialdearen defizita.

Donald Trump, AEBko presidentea. Argazkia: EFE

Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberak abiatu duen osasun plan berriak 24 milioi pertsona osasun-asegururik gabe utziko ditu AEBn. Kongresuko Aurrekontuetarako Bulegoak (CBO, ingelesezko sigletan) zabaldu duen txosten baten arabera, 2018an 14 milioi pertsona inguru geratuko dira aseguru medikorik gabe, eta, 2026an, 24 milioi.

Aldaketa horri esker, errepublikanoen helburu nagusia beteko da, eta, hamar urtean, 337.000 milioi dolarrean murriztuko da herrialdearen defizita. 2016an, AEBko defizita 587.000 milioi dolarrekoa zen.

AEBko Kongresuko Aurrekontuetarako Bulegoaren esanetan, diru-sarrera txikiak dituzten milioika estatubatuarrei osasun-aseguruak ordaintzen laguntzeko baliabideetan (?Medicaid? osasun programan) eta Obamak bultzatutako Osasunaren Legean egindako murrizketak izango dira diru gehien aurreztea ekarriko duten neurriak.

Kontserbadoreek Barack Obama presidente ohiak bultzatutako Osasun Legea bertan behera uzteko asmoa dute. Sistema horren ordez, mailegu fiskalean oinarritutako beste sistema bat sortu nahi dute. Alabaina, ultrakontserbadoreen babesa behar du Trumpek neurri horrek aurrera egin dezan.

Datozen egunetan proposamen berria osoko bilkuran onartu beharko duten arren, zailena Senatuan aurrera egitea izango da. Izan ere, errepublikanoek gehiengo estuagoa dute ganbera horretan, eta kontserbadore batzuk aldaketa horren kontra agertu dira.

Obamaren legea (Obamacare izenez ezaguna) deuseztatzea eta ordezkatzea Donald Trumpek AEBko hauteskunde kanpainan egindako promesik garrantzitsuenetako bat da. Hori dela eta, lanean hasi da jada, bere proposamena herritarren aurrean defendatzeko.

Albisteak (1)