Atentatua
Parisko bonbak eta Berlingo beste batek lotura duten ikertzen ari dira
Agentziak | Erredakzioa
Asteazkenean, beste bonba-pakete bat bidali zuten Alemaniako Finantza Ministerioaren egoitzara. Norbaitek ireki izan balu, barruan zegoen lehergailuak zauri handiak eragingo lioke.
Ostegun honetan Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) Parisen duen egoitzan lehertu den bonba-paketearen eta Alemaniako Finantza Ministerioaren egoitzara (Berlin) bidalitako beste bonba-gutunaren artean nolabaiteko loturarik dagoen ikertzen ari dira Frantziako Polizia zientifikoko agenteak. Parisen jasotako bonba-paketeak emakume bat zauritu du, zuzendaritzako laguntzaile bat, hain zuzen ere.
François Hollande Frantziako presidentearen esanetan, Parisko NDFren egoitzan lehertu den gutuna atentatu bat izan da. Ildo horretatik, nazioarteko agenteek gertatutakoa argitzen ahaleginduko direla esan du Frantziako Presidenteak.
Segurtasun iturriek jakitera eman dutenez, asteazkenean Berlinen jasotako beste bonba-gutunarekin nolabaiteko lotura izan dezake. Ildo horretatik, norbaitek pakete hori ireki izan balu, zauri handiak eragingo liokeela azaldu du.
Parisen, lehergaia zeraman paketea ireki duen emakumeak zauriak izan ditu aurpegian eta eskuetan. Dena dela, bere bizitza ez dago arriskuan. Antza denez, barruan lehergailu pirotekniko bat edo petardo handi bat zegoen. Alabaina, Frantziako Polizia zientifikoko agenteek argi utzi dute gutun horren barruan ez zegoela bonbarik.
“Nazioarteko Diru Funtsaren egoitzaren kontra egindako ekintza bortitz hori gaitzetsi nahi dugu, eta herritarrei mesede egiten jarraitzeko lanean jarraituko dugu”, esan du Jim Yong King Munduko Bankuko presidenteak. Ildo horretatik, lantaldearen segurtasuna bermatzea “funtsezkoa” dela esan du.
Beste alde batetik, Hollandek iragarri du uztailaren 15era arte indarrean egongo dela larrialdi egoera Frantzian. 2015eko azaroaren 13ko eraso jihadistaren ostean ezarri zuen larrialdi egoera.
Greziatik bidalia
Ostegun honetan Nikos Toskas Herritar Alternatiboen Babeserako ministroak ziurtatu duenez, bonba-paketea Greziatik bidali dute. Bere esanetan, Vasilis Kikilias Demokrazia Berria (DB) alderdiaren bozeramailearen izenean bidali dute gutuna.
Beste alde batetik, Greziako erakunde terroristak bere gain hartu du Berlinera igorritako bonba-paketea. 2010ean 14 pakete igorri zituen, besteak beste, Angela Merkeli, Nicolas Sarkozyri eta Silvio Berlusconiri.