PROFILA
Martin McGuinness: IRAko buruzagi aurrena, lehen ministro orde gero
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ipar Irlandan bakea lortzeko lanean aritu zen buru-belarri.
Martin McGuinness Irlandako nazionalismoak egindako bidearen isla da; izan ere, IRAko buruzagi izan zen lehendabizi eta Ipar Irlandako lehen ministro ordea gero. McGuinnessek urtarrilaren 9an utzi zuen Ipar Irlandako lehen ministro orde kargua, dimisioa aurkeztuta, eta, hamar egun geroago, politika uzteko erabakia jakinarazi zuen, osasun arazoak tarteko.
McGuinness 1952. urtean jaio zen Derry hiriko (Ipar Irlanda) Bogside auzune katolikoan, eta 1969an sartu zen IRAn. 1972. urtean, Erresuma Batuarekin hasitako negoziazio ezkutuetan parte hartzen hasi zen. IRAk 1997. urtean iragarri zuen behin betiko su-etena.
Gerry Adams Sinn Feineko presidentea ez bezala, ez zen familia errepublikano batean jaio. Hala ere, eskubide zibilen aldeko taldeek Erresuma Batuko segurtasun indarren aldetik izandako erantzun bortitza ikusita, IRAn sartzea erabaki zuen.
Politikarako zuen trebetasunagatik eta karismagatik ezaguna zen, eta, hori dela eta, IRAko erreferente izatera heldu zen denbora gutxian. Gainera, estrategian aditua eta buruzagi militar trebea zen.
Zenbait begiraleren esanetan, horren ekimenei esker egin zuen IRA taldeak bide demokratiko eta baketsuen aldeko hautua.
1997an, Komunen Ganberako diputatu aukeratu zuten, eta 2001ean, 2004an eta 2010ean berriro hautatu zuten kargurako. 1998. urtean, Ipar Irlandako Asanblean eserlekua lortu zuen, eta iragan maiatzeko hauteskunde autonomikoak izan arte eutsi zion aulkiari.
Ipar Irlandan autonomia berrezarri zen garaian, 1999tik 2002ra, McGuinness Hezkuntza ministro izan zen katolikoek eta protestanteek partekatu zuten gobernuan.
2007an, berriz, Ian Pasley betiereko etsaiarekin gobernatzeko unea iritsi zitzaion. Are gehiago, biak ala biak harreman profesional eta pertsonala izatera heldu ziren.
McGuinnessek lehen ministro orde karguari uko egin zion urtarrilean, Arlene Foster lehen ministroarekin zituen desadostasunak zirela medio, energia-programa polemiko bat dela eta. Ondorioz, hauteskundeak aurreratu behar izan zituzten.
uzten.