Babes falta
Errepublikanoek osasun legea atzeratu dute, eta Trumpek abisua eman du
agentziak
Bozketa gaur izango da, baina 22 errepublikanok kontrako botoa ematen badute, Obamacare baliogabetzeko saiakerak porrot egingo luke.
Errepublikanoen gehiengoak atzeratu egin du atzoko, osteguna, aurreikusita zuten bozketa, Barack Obama presidente ohiaren osasun legea (Obamacare) bertan behera utzi eta berria abiatzeko, ez dutelako babes nahikoa lortu, Kongresuko zenbait iturrik Eferi azaldu diotenez.
Donald Trump AEBko presidenteak azken orduko bilera izan du Freedom Caucus talde ultraeskuindarrak bere jarrerarekin bat egitea lortzeko, baina kale egin zen saiakeran.
Paul Ryan Ordezkarien Ganberako presidenteak, bere aldetik, prentsaurrekoa egin behar zuen atzo arratsaldean bozketaren inguruan hitz egiteko, baina hori ere atzeratu dute lege berria onartzeko (aldeko 216 boto behar dituzte) babes nahikorik ez dagoela baieztatu dutenean.
"Gaur eztabaidatzen jarraituko dugu, behar beste aldeko boto ez dugulako. Egoera aztertzen ari gara, aurrerapausoak izan dira, baina (Etxe Zuriaren) hauteskunde-kanpainan egindako iragarpen bat bete ez ezik, horrek estatubatuar ororen seguruen kostuak jaistea ere egingo luke", esan du mark Meadows Freedom Caucusen presidenteak.
Demokratak, aldiz, bat eginda daude Obamacare sistemak indarrean jarrai dezan. Gutxienez 22 errepublikanok kontra bozkatzen badute, Trumpek lehen porrot handia pairatuko luke, eta atzo 20 baino gehiago ziren ezetzaren alde agertu zirenak, zenbait hedabideren eta Gobernuko iturrien arabera.
Sean Spicer Etxe Zuriko bozeramaleak egunero egiten duen prentsaurrekoan adierazi zuenez, legearen aldeko ordezkarien kopuruan gora egiten jarraitzen du eta Trumpek Freedom Caucus taldearekin egindako bilerak "aurrerapausoa" izan zen, osasun sistemaren erreforma onartzeko bidean.
Alderdi Errepublikanoaren baitan izaten ari diren negoziazioen arazoa ultraeskuindarrek egiten duten eskakizunek moderatuenen babesa jaistea eragiten dutela da.
Honen guztiaren ondoren, Trumpek ultimatuma eman dio errepublikanoen taldeari osasunaren lege berriaren gaineko negoziazioak ez luzatzeko.
"Bihar (ostirala) bozketaren ordua izango da", esan du, ondoren, Sean Spicerrek Fox Newsen.
"Hori izango da aukera hainbat urtez Obamacare bertan behera utzi eta ordezkatzeko legearen zain egon direnentzat" gaineratu duenez.
ineratu duenez.