Alemania
Merkelen CDU alderdia gailendu da Schulzen aurkako lehen norgehiagokan
agentziak | erredakzioa
Momentura arte, ez da "Schulz efektua" nabaritu, baina oraindik sei hilabete falta dira hauteskunde orokorretarako.
Angela Merkelen Batasun Kristau-demokrata (CDU) alderdiak Martin Schulzek gidatzen duen Alderdi Sozialdemokratak (SPD) baino babes handiagoa lortu du Sarre estatuan, Alemaniako aurtengo lehen hauteskunde-egunean eta orokorretarako sei hilabete falta direnean.
Hala, inkestek SPDren (Europako Parlamentuko presidente ohiak zuzenduta) alde iragarritako "Schulz efektuak" ez du eraginik izan, gutxienez ez Land txiki horretan.
Merkelen CDUk, aldiz, botoen % 40,7 jaso zuen. Horrela, eskualde horretako lehen indarra izatea ez ezik, 2012tik % 5 igotzea ere lortu du CDUk (alderdi nagusia da eskualde horretan, 18 urtetik hona).
SPDk puntu erdi inguru galdu zuen, % 29,6 jasota, behin betiko emaitzen arabera.
Dirudienez, Sarren gaur egun gobernatzen duen koalizio handiak -Merkelek Berlinen osatu duena bezalakoa- aginteari eutsi egingo dio. Land horretan, Annegret Kramp-Karrenbauer da burua.
Schulz, bart, prentsaurrekoa egin eta gero. Argazkia: EFE
Afiliatuen % 100eko babesarekin SPDren buru aukeratu eta astebetera, Schulz "etsita" agertu da bart bere alderdiak igandean lortutako emaitzagatik.
Inkestek antzeko emaitza iragarri zuen bi alderdientzat Land horretan. Horrezkero, ezbaian daude irailaren 24an egitekoak diren hauteskunde orokorretarako iragarritako emaitzak (berdinketa, % 33ko babesarekin).
"Albiste ona da parte hartze handia izan dela. Hori positiboa da indar demokratiko guztientzat", esan zuen Schulzen telebista publikoan egindako lehen balorazioan. Hain zuzen, parte-hartzea % 70ekoa izan zen, 2012koa baino ia hamar puntu gehiago.