Frantzia
Vallsek Emmanuel Macronen alde egingo du Presidentetza hauteskundeetan
Agentziak | Erredakzioa
Bere alderdiaren hautagaia, Benoit Hamon, bozkatuko ez duela iragarri du Vallsek.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Frantziako Presidentetza hauteskundeetan, bere alderdiaren hautagaiaren alde egin beharrean, Emmanuel Macron Martxan! alderdiko buruzagia babestuko duela iragarri du Manuel Valls Frantziako lehen ministro sozialistak. Benoit Hamon da Alderdi Sozialistaren hautagaia, eta Vallsekin lehiatu zen primarioetan.
"Bai, Emmanuel Macronen alde bozkatuko dut, ezin gara arriskatu, ezin dugu Errepublika eta Frantzia kolokan jarri. Nire erantzukizuna onartzen dut... Hau ez da beroaldi bat, buruarekin hartutako erabaki bat baizik", adierazi du Vallsek BFM Frantziako telebistari eskainitako elkarrizketa batean.
Vallsek muturreko eskuinaren mehatxua aipatu du bere erabakia justifikatzeko. Haren ustean, Fillon eta Hamon ez dira gai Fronte Nazionalari aurre egiteko. "Populismoaren eta muturreko eskuinaren mehatxuaren aurrean, ezin gara arriskatu", erantsi du.
"Ez, ez dut Benoit Hamonen alde egingo", adierazi du. Vallsen aburuz, "Presidentetza hauteskunde hauek arraroak dira, ziurgabetasun handia dago. Bizitza politikoa desegiten ari da". Lehen ministro izandakoak ez du uste Alderdi Sozialistak haren kontrako neurririk hartu duenik. "Nire kontra? Bost urtez inongo araurik errespetatu ez duten horiek botako al naute?", bota du ironiaz.
Benoit Hamonen hautagaitzari min handia egingo dio Vallsen iragarpenak. Jean-Yves Le Drian Defentsa ministro sozialistak ere iragarrita du ez diola babesik emango.