Presidenterako hauteskundeak
Macron: 'Frantziako herriak hauteskundeen lehen postuan kokatu nau'
Agentziak | Erredakzioa
Le Penek ez bezala, "indartsuagoa den Frantzia eta babesa emango duen Europa" proposatzen dituela ziurtatu du Macronek.
Emmanuel Macron hautagai sozioliberalak bere jarraitzaileen aurrean adierazi duenez, presidenterako hauteskundeen lehen itzuliko "lehen postuan" kokatu du Frantziako herriak, eta eskerrak eman dizkie François Fillon kontserbadoreari eta Benoît Hamon sozialistari bere alde bozkatuko dutela adierazteagatik.
"Urtebeteren buruan Frantziako politikaren aurpegia aldatzea lortu dugu", esan du pozarren Macronek bere jarraitzaileen aurrean.
"Gure herrialdea aurretik inoiz izan ez den moduko une bat ari da bizitzen, eta terrorismoa, defizita, sufrimendu soziala eta ekologikoa dira nagusi bertan. Egoera horren aurrean, modu masiboan bozkatu du, eta lehen itzuliko lehen postuan kokatu nau", erantsi du.
Hitz bereziak zuzendu dizkie Brigitte emazteari eta senideei, eta izan dituen lehiakideetatik bederatzi gogoan izan ditu, baina ez, ordea, maiatzaren 7an aurkari izango duen Le Pen.
Hemendik aurrera ahalik eta frantziar gehienen babesa biltzen ahaleginduko dela aurreratu du, Frantziako politikaren bizitzan "aro berri bat abiatzeko".
Le Penen proposamenen aurrean, "indartsuagoa den Frantzia eta babesa emango duen Europa" proposatzen dituela adierazi du Macronek.
Halaber, herrialdeko "abertzale guztiei" zuzendu zaie bere proiektua babes dezaten eskatzeko, bere aurkaria babestea pentsatzen ari diren hautesleei aipamen zuzena eginez.