Hauteskundeak Frantzian
Eliseoa gertuago du Macronek, bere aurkarien babesa eskuratuta
Agentziak | Erredakzioa
Fillon kontserbadoreak eta Hamon sozialistak maiatzaren 7ko bigarren itzulian En Marche! alderdiaren alde egiteko dei egin dute. Le Penen garaipena saihestu nahi dute, kosta ahala kosta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Inor gutxik ezagutzetik Frantziako Estatuko buruzagi gazteena bihurtzeko aukera handia izatera. Denbora gutxian marka egin du Emmanuel Macronek. 39 urterekin, Eliseoa gertuago du hautagai zentristak, ezkerreko eta eskuineko alderdiek haren aldeko botoa eskatu baitute maiatzaren 7ko bigarren itzulirako. Muturreko eskuinaren ?Marine Le Pen? garaipena saihestu nahi dute biek ala biek. Melenchon ezkertiarrak boto askatasuna emango die jarraitzaileei.
Macron gailendu da lehen itzulian, botoen % 23,86 eskuratuta eta Marine Le Pen ultraeskuindarrari 2,5 puntuko alde aterata (% 21,43). Emaitzak goitik behera aldatu du Frantziako Presidentetzarako hauteskundeen eskema historikoa, eta boterean izan diren bi alderdiak ez dira bigarren itzulira igaro.
Inkestek bete-betean asmatu dute. Francois Fillonentzat astunegia izan da eskandaluen zama, eta botoen % 19,94 lortu ditu. Inkesta-etxeek iragarrita bazuten ere, laugarren tokia sorpresa izan da askorentzat: Jean-Luc Melenchon muturreko ezkertiarrak botoen % 19,62 erdietsi ditu.
Frantziako sozialismoa bosgarren tokira amildu da. Benoit Hamonek botoen % 6,35 baino ez du eskuratu, Alderdi Sozialistaren inoizko emaitzarik txarrenetakoak.
Fillonen errepublikanoek eta sozialistek zuzendaritzak bilduko dituzte gaur, bi asteko kanpainaren aurrean jarrera zehazteko, eta, batez ere, ekaineko hauteskunde legegileei begira erabiliko duten estrategia ondo marrazteko.
Bigarren itzulia aldapa behera du Macronek. Hainbeste asmatu duten inkestei erreparatuta, Macronek irabaziko du bigarren itzulia, botoen % 62rekin. Ipsos institutuak egindako galdeketaren arabera, Le Penek % 38ko babesa izango du.
Bi alderdiko sistema, bertan behera
V. Errepublikan lehen aldiz, Frantziako bi alderdi nagusiak bigarren itzulitik kanpo geratu dira. Macronek maila ertain-altua eta ikasketak dituzten boto-emaileen botoa jaso du, eta hautagai zentristak Frantziako oinarri zaharrak "desblokeatzeko" egindako deia babestu dute.
"Frantziako politikaren aurpegia aldatu dugu", esan du pozarren Macronek emaitzak jaso ostean Parisko Versailles Atean egindako adierazpenetan.
"Herrialdea une historikoan dago. Terrorismoak, defizitak, sufrimendu sozialak eta ekologikoak jota gaude. Lehen postuan jarri naute", adierazi du.
Le Pen ere izandako emaitzarekin euforiko agertu da. Hitzaldi patriotiko eta populista batean, "frantziarrak Eliseora eramango dituen lehen saioa gainditzeagatik" pozik azaldu da.
Macron jomugan eduki du hautagai ultraeskuindarrak, eta bigarren itzulirako botoa eskatu: "Patriota guztiei dei egiten diet, egin dezatela nire alde, Frantziak bizirautea dago jokoan, batasun nazionala".
Manifestazioak, emaitzen kontra
Lehen itzuliko emaitzen aurrean, ehunka lagun bildu dira bart Parisen Hiriburuko Errepublika Plazan eta Bastillan, hauteskundeek legitimotasunik ez dutela aldarrikatzeko. Horien ustez, Macronek eta Le Penek oligarkiaren interesak ordezkatzen dituzte.
Istiluen kontrako polizia Parisen. EFE
'Barrikaden gaua" deitu dioten horretan, istiluak izan dira manifestarien eta Poliziaren artean. 29 lagun atxilotu dituzte, eta bederatzi pertsona zauritu dira, sei agente eta hiru protestari.