Itxi

Frantziako hauteskundeak

Macronek 'zibereraso' bat jasan izana salatu du hauteskunde bezperan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

En Marche mugimenduak 'pirateatze handia eta koordinatua' jasan duela azaldu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Macron buru duen En Marche mugimenduak "pirateatze handia eta koordinatua" jasan duela salatu du, eta, horren ondorioz, antolakuntzaren hainbat informazio sare sozialetan hedatu direla.

Ohar batean En Marche plataformak jakinarazi duenez, pirateatutako artxiboak (mezu elektronikoak, kontabilitate dokumentuak edo kontratuak) orain dela hainbat aste eskuratu zituzten, mugimenduko arduradunen helbide elektronikoetan eta profesionaletan sartuta.

Frantziako presidentea aukeratzeko hauteskundeetako bigarren itzuliaren bezperan iragarri du erasoa. Macron da faborito Marine Le Pen ultraeskuindarrarekiko lehian, inkesten arabera.

Macronen taldearen esanetan, zibererasoaren egileek dokumentu faltsuak zabaldu dituzte, "zalantza eta desinformazioa eragiteko". En Marcheren aburuz, "presidentea aukeratzeko hauteskundeak" desegonkortzen saiatzeko egin dute lapurreta, "AEBko azken kanpainan ikusi zen moduan". Edonola ere, alderdiak argitu du "pirateatutako dokumentuak legezkoak" direla.

Halaber, hedabideei deia egin die "arduratsu joka dezaten", "filtratutako dokumentuen jatorria kontuan hartu eta ezegonkortzeko operazio hori azaleratzeko".

Macronen dokumentuen berri ez ematea eskatu die komunikabideei hauteskundeak kontrolatzeko batzordeak

Emmanuel Macron hautagai liberalaren aurka sare sozialetan hedatutako informazioa ez zabaltzea eskatu die komunikabideei Frantziako Presidentetzarako Hauteskunde Kanpaina Kontrolatzeko Batzorde Nazionalak.

Hala, hedabideei, eta, batez ere web atariei, datu horien berri ez ematea eskatu die ohar baten bidez. Izan ere, horietako batzuk faltsuak direla uste du erakundeak.

Horrez gain, "benetakoa ez den informazioa" kaleratzea delitua izan daitekeela ohartarazi du.

Salaketa gehiago

Joan den apirilaren 26an En Marchek beste bost zibereraso salatu zituen. Antza denez, Pawn Storm pirata errusiarrek egin zituzten. Hillary Clinton AEBn 2016ko azaroan egindako hauteskundeetako hautagai demokrataren kanpainako mezuak filtratu izana leporatu zioten talde berari.

Albisteak (1)

Bideoak (2)