Itxi

Hauteskundeak Frantzian

Le Penek porrota onartu du, baina emaitza 'historikoa' dela dio

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Parisen bildutako jarraitzaileen aurrean, hautagai ultraeskuindarrak eskertu egin du "11 milioi nazionalistaren babesa".

Marine Le Pen, hautagai ultraeskuindarra. Argazkia: EFE

Emmanuel Macronen garaipena eta bere porrota onartu ditu Marine Le Pen Frantziako presidentegai ultraeskuindarrak, eta bere mugimendu politikoa berrantolatuko duela iragarri du presidente berriaren aurrean oposizioko lehen indar bihurtzeko asmoz.

20:00ak jota zirenean egin du agerraldia Le Penek. Macron zoriondu duela jakinarazi du, eta "zorte ona opa diot presidente gisa, aurrean izango dituen erronka guztietan", erantsi du.

Parisen bildutako jarraitzaileen aurrean, "11 milioi nazionalistaren babesa" eskertu du hautagai ultraeskuindarrak. Fronte Nazionalak inoiz lortutako emaitzarik onena da. Hori dela eta, Le Penen esanetan, "oposizioko lehen indar bihurtu gara".

Lehen itzuliaren ostean, ituna sinatu zuen Le Penek Nicolas Dupont-Aignan soberanistarekin. Horren harian, emaitzak ikusita, "Fronte Nazionala sakon berrantolatuko dugu, indar politiko berri bat sortzeko asmoz", iragarri du Le Penek.

Datorren ekainean izango diren hauteskunde legegileetan Le Pen bera izango da buru, eta "Frantziaren alde egin nahi dutenak" batzea espero du.

Le Penen iritzian, "betiko alderdiak desagertu egin dira, eta, ondorioz, Frantziako bizitza politikoa zatitu egin da", esan du Le Penek sozialistak eta Errepublikaren aldekoak gogoan hartuta. Horren aburuz, bi itzulietan Macronen alde bozkatu dutenek "beraiek bakarrik zikindu dute beren izena". Hortaz, "Fronte Nazionalak bakarrik egin diezaioke aurre presidente berriari".

Albisteak (1)

Informazio gehiago (1)