Presidenterako hauteskundeak
Botere eskualdaketa igandean egingo dutela baieztatu du Hollandek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Presidente hautetsi berriak ez diola traizio egin uste du Frantziako presidenteak. Dena den, ez dela haren oinordekoa azpimarratu du.
François Hollande Frantziako presidenteak gaur baieztatu duenez, datorren igandean egingo dute Hollanderen eta Emmanuel Macron presidente hautetsiaren arteko botere eskualdaketa.
"Igandean izango da botere eskualdaketa eta egun horretan funtsezkoa dena uste dudana jakinaraziko diot. Gero, presidente izendatuko dute eta Errepublikako presidente bihurtuko da", adierazi du France 2 telebista kate publikoari egindako adierazpenetan.
Presidente hautetsi berriak ez diola traizio egin uste du Frantziako presidenteak. Dena den, ez dela haren oinordekoa azpimarratu du. Halaber, azken urteetan elkarrekin lan egin dutela azaldu du: "Hautagai izan nintzenean eta gero presidente izandakoan ere nire alboan egon zen. Gerora, nire Gobernuko presidente izan zen".
Estatuburuaren esanetan, atzo Macroni deitu zion garaipenagatik zoriontzeko eta aurretik duen misioaren garrantziaz ohartarazteko. "Frantziarrek bera aukeratu dute eta arrakasta izatea opa diot", nabarmendu du.
Hollandek gaineratu duenez, Macroni laguntzeko moduan izango da: "Badaki informazioa, aholku bat edo esperientzia behar badu, libreki, nirekin hitz egin ahal izango duela. Beti egongo naiz bere alboan".