Wikileaks
Kartzelatik irten da Chelsea Manning, Wikileaks atariaren iturri ohia
Agentziak | Erredakzioa
Soldadu ohiak zazpi urte eman ditu espetxean, Wikileaks atariari klasifikatutako milaka fitxategi isilpean eman ondoren. Barack Obamak urtarrilean indultatu zuen.
Chelsea Manning soldadu ohia kartzelatik irten da asteazken honetan, zazpi urte espetxean eman ondoren. Wikileaks atariari klasifikatutako milaka fitxategi isilpean ematea leporatuta epaimahai militar batek 35 urteko kartzela-zigorra ezarri zion. Urtarrilean, Barack Obama AEBko presidente ohiak analista estatubatuarra indultatu zuen.
29 urteko AEBko soldadu ohiari 35 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten, baina, urtarrilean, Obamak zigor-eskaera hori murriztu zuen eta indultua eman zion, estatubatuarrei barkamena eskatu ziela iritzita. Zehazki, Irakeko eta Afganistango gerren inguruko 700.000 dokumentu sekretutik gora lapurtu eta ezkutuan filtratu zituen.
Armadako iturri batek jakitera eman duenez, Manning asteazken honetan irten da Fort Leavenwortheko espetxe militarretik (Kansas), baina ez ditu horri buruzko datu gehiagorik eman nahi izan, segurtasun neurriak tartean direla.
Kartzelatik irten baino lehen, Nancy Hollander abokatuak ziurtatu du zigortuta eman dituen azken hilabete hauek “estutasun handiz” bizi izan dituela. Alabaina, aske geratzeko eta Kansasko espetxe militarrean abiatu zuen sexu aldaketa burutzeko desiratzen zegoela nabarmendu du. Manningen abokatuaren esanetan, soldadu ohiarentzat ez da bat ere erraza izan kosmetikoak edota emakumezkoen arropa erostea.
“Emakume izanik oso zaila izan da berarentzat gizonezkoen espetxean egotea, eta, bi astetik behin, ilea gizon baten modura moztera behartzen zion armadak, bere ongizateari kalte eginez. Oso zaila izan da berarentzat, baina orain pozik dago: kartzelatik irten eta emakume gisa bizi ahal izango duelako”, azaldu du Hollanderrek.
2016. urtean bere buruaz beste egiten ahalegindu zen bi aldiz soldadu ohia, baina borondatezko langileei esker aurrera egitea lortu zuen.
Joan den astean, epaimahai militar batek 35 urteko zigorra ezarri zionetik lehen agerraldia egin zuen. Kartzelatik irten eta gainontzeko "herritarren bizitza hobetzeko irrikan" zegoela azaldu zuen. Dena dela, ez zuen zehaztu zer egingo duen.
2010ean, 700.000 fitxategi baino gehiago eman zizkion Wikileaks atariari, ezkutupean. AEBko historiako filtraziorik handiena izan zen hori, eta nazioartean eztabaida handia sortu zuen.
dia sortu zuen.