Itxi

Neska bat Bortxatu zuelakoan

Suediako Fiskaltzak Assangeren aurkako ikerketa itxi du, 7 urteren ostean

agentziak

Leer en Castellano

Halere, Ekuadorko Enbaxadatik irteten bada atxilotuko dutela esan du Scotland Yardek. Abokatuaren esanetan, aldiz, Suediak ez du "inolako oztoporik jarriko" handik irteteko.

Assangek bost urte daramatza Ekuadorrek Londresen duen Enbaxadan. Artxiboko argazkia: EFE

Suediako Fiskaltzak Julian Assange Wikileaksen sortzailearen aurka (neska bat bortxatzea egotzita) 2010ean abiatutako ikerketa itxi du gaur, ostirala. Assangek bost urte daramatza Ekuadorrek Londresen duen Enbaxadan, estradizioa aplika ez diezaioten.

"Marianne Ny fiskalburuak Julian Assangek ustez egindako bortxaketaren gaineko ikerketa ixtea erabaki du gaur", esan du Fiskaltzak, zabaldutako ohar baten bidez.

Halere, Ekuadorko Enbaxadatik irteten bada atxilotuko dutela esan du Scotland Yardek.

Ohar batean Londreseko Poliziak gogorarazi duenez, Westminsterreko Auzitegiak "atxilotzeko agindua eman zuen Julian Assangeren aurka, 2012ko ekainaren 29an bere burua aurkeztu ez zuelako" eta, hortaz, Scotland Yard "agindua betetzera behartuta dago, Enbaxadatik irteten bada".

Aldiz, WikiLeaksen sortzailearen abokatuaren ustean, Suediako Fiskaltzaren erabakiak Ekuadorrek Londresen duen Enbaxadatik alde egitera ahalbidetzen dio.

"Erabateko garaipena da Julian Assangerentzat. Nahi duenean alde egin dezake enbaxadatik. Irabazi dugu Assange auzian. Pozik eta lasai dago, baina hainbeste denboraz luzatu behar izatea kritikatu du", gaineratu du Per E. Samuelsson abokatuak Suediako Irratia hedabide publikoari.

Halere, Samuelssonek argitu du ez dakiela zehatz-mehatz noiz irten ahal izango den, baina azaldu du Suediak ez duela "inolako oztoporik jarriko", "jokotik kanpo" dagoelako.

Albisteak (3)