Itxi

Atentatua Manchesterren

Nazioarteak erasoa gaitzetsi du eta elkartasuna adierazi dio Manchesterri

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Donald Trump AEBko presidenteak "galtzaile" deitu die atentatuaren egileak. Nazioarteko buruzagiek erasoa salatu dute.

Polizia britainiarra atentatua gertatu den lekutik gertu. EFE

22 pertsona hil eta 59 zauritu dira bart Manchesterren izandako atentatuan. Erasoa gogor gaitzetsi du nazioarteak. Besteak beste, Donald Trump, Angela Merkel eta Emmanuel Macron buruzagiek elkartasun mezuak bidali dizkiete biktimei eta Erresuma Batuari, eta atentatua salatu dute. Euskal erakundeek elkarretaratze isilak egin dituzte eguerdian.

Donald Trump AEBko presidentea Mahmud Abas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea ondoan zuela mintzatu da erasoaz, Betleemdik. Atentatuan zauritutakoei eta hildakoen senitartekoei bere "doluminak" azaldu dizkie, eta "hainbeste errugabe gazteren heriotza" deitoratu du. "Ez diet 'munstro' deituko, izen hori gustatuko litzaiekeelako. 'Galtzaile' deituko diet, horixe dira-eta, galtzaileak", gaineratu du.

Europar Batasunak ere elkartasun mezua helarazi die Erresuma Batuko herriari eta biktimei. "Bihotza Manchesterren dut gaur gauean. Biktimak ditut gogoan" idatzi du bart Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak Twitterren.

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak ere sare sozial hau erabili du doluminak adierazteko:

 

 

"Atsekabetuta nago Manchesterren gertatutako leherketa hilgarriarekin. Gure gogoa eta otoitza biktimekin eta zauritutakoen senitartekoekin dago", adierazi du Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidenteak.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ere "samina eta atsekabea" azaldu du gertatutakoaren aurrean: "Onartezina da norbaitek pop musikako kontzertu alai bat erabiltzea jendea hiltzeko eta zauritzeko. Biktimekin eta kaltedunekin akordatzen naiz, baita euren familiekin ere".

Merkelen hitzetan, atentatuak "ekintza zital hauek pentsatzen eta egiten dituzten horien kontra borrokatzen jarraituko dugu, gure lagun britainiarren ondoan".

Emmanuel Macron Frantziako presidentearen hitzetan, "Frantziaren elkartasun eta erruki guztia helarazi nahi diogu herri britainiarrari, dolu une honetan eurekin gaude, batez ere biktimekin eta euren senitartekoekin". Horrez gain, Frantziak "terrorismoaren kontrako borrokan" jarraituko duela berretsi du.

 

 

Paolo Gentiloni Italiako presidenteak "elkartasuna eta hurbiltasuna" adierazi dizkie britainiarrei eta biktimei. "Italiak Erresuma Batuarekin eta haren gobernuarekin bat egiten du. Manchesterreko atentatuko biktimen eta familien alde egingo dugu otoitz", idatzi du Gentilonik Twitterren.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak ere gaitzetsi du erasoa, eta mezua bidali dio Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroari. "Gogor gaitzetsi nahi dugu hilketa ziniko eta anker hau. Egileek merezitako zigorra izatea espero dugu", adierazi du buruzagi errusiarrak.

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Twitter bidez bidali du dolumin eta gaitzespen mezua:

 

 

Euskadin, Iñigo Urkullu lehendakariak "elkartasuna eta doluminak" helarazi dizkie biktimei, eta Erresuma Batuak Euskadin duen kontsulari Manchesterreko atentatua erabat gaitzesten duela jakinarazi dio.

 

 

Euskal erakundeek elkarretaratze isilak egin dituzte eguerdian atentatua gaitzesteko. Urkullu Lehendakaritzan egin duten bilkuran izan da.

rong>

Albisteak (2)