Itxi

Erasoa Erresuma Batuan

Identifikatu egin dute Manchesterreko terrorista: Salman Abedi, 22 urtekoa

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Hirian bertan jaioa, errefuxiatu libiarren semea zen. Antza denez, Londrestik abiatu zen Manchesterrera, trenez. Bestalde, 23 urteko gizonezko bat atxilotu dute atentatuarekin lotura duelakoan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Manchesterreko atentatu suzidaren ustezko egilea Salman Abedi izeneko 22 urteko gizon bat izan da, Erresuma Batuko Poliziak azaldu duenez.

Salman al Abeidi erasoa egin zuen hirian bertan jaio zen, eta errefuxiatu libiarren semea da, Tripoliko Segurtasun iturriek jakitera eman dutenez.

Aipatu iturrien arabera, Al Abeidi 1994an jaio zen Manchesterren, eta Muamar al Gadafiren diktaduratik eta errepresiotik ihesi Erresuma Batura joan ziren Samia Tabal eta Ramadan al Abeidiren bigarren semea zen.

Ian Hopkins Manchesterreko poliziaburuak azaldu duenez, gazte hori bakarrik egon den edo talderen batek laguntza eman ote dion aztertzen ari dira orain.

Reuters agentziaren arabera, Abedi Londrestik abiatu zen Manchesterrera, trenez.

Poliziak identifikazioaren berri eman baino ordu batzuk lehenago, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak aurreratu zuen Segurtasun Indarrek identifikatuta zutela atentatuaren egilea.

Atxiloketa bat

Bestalde, 23 urteko gizonezko bat atxilotu dute atentatuarekin lotura duelakoan, hiri horretako Poliziak jakinarazi duenez.

"Bart gauean Manchester Arenan gertatutako jazoerarekin lotuta, 23 urteko gizon bat atxilotu dugula baiezta dezakegu. Atxiloketa hiriaren hegoaldean izan da", jakinarazi du Manchesterreko Poliziak Twitterren duen kontuan.

 

 

Horrez gain, Arndale merkataritza gunean beste gizon bat atxilotu dutela adierazi du Poliziak. Horrek, ordea, ez omen du zerikusirik erasoarekin. Badaezpadako neurri gisa, Arndaleko saltokia jendez hustu dute, eta izua zabaldu da. Azkenean, baina, egoera bere onera etorri da.

Herritarren segurtasunari eragiten dieten gertaera larriak aztertzeko bildu ohi den COBRA batzordea goizean bildu da, May bertan zela. Ondoren, Downing Street kaleko 10. zenbakiaren aurrean agerraldia egin du buruzagi britainiarrak.

Bertan nabarmendu duenez, terroristak "jende gehien hil zezakeen leku eta ordua aukeratu zuen, biktimak bereizi gabe". Mayren hitzetan, atentatuak "beti dira pertsona errugabeen kontra egindako eraso koldarrak", baina Manchesterren kasuan, "bereziki ankerra eta nazkagarria da hildakoen eta zauritutakoen artean babesik ez zuten ume eta nerabeak daudelako". Zauritutako asko "oso larri daude", argitu du.

May, agerraldian. Argazkia: EFE

Lehen ministro britainiarrak azaldu du atentatua pertsona bakar batek, ekintzaile suizida batek, burutu zuela. "Oraindik ez dakite, ordea, bakarrik edo pertsona talde baten laguntzarekin aritu ote zen", erantsi du.

Mayren esanetan, "ikertzaileek terrorista suizida identifikatu dute, baina oraindik ezin ditugu bere izen-abizenak jakinarazi".

COBRA batzordearen bileran, Manchester hiriko segurtasuna handitzeko neurriak adostu dituzte. Manchester Arena pabiloiaren inguruak itxita jarraituko du, ikertzaileek lan egin dezaten. May gaur bertan joango da bertara, Manchester hiriko poliziaburuarekin, alkatearekin eta segurtasun alorreko arduradunekin biltzeko.

"Terroristek ez dute inoiz irabaziko, gure balioak, gure herria eta gure bizitzeko modua gailenduko dira, beti", azpimarratu du.

Ekainaren 8ko hauteskundeen atarian jazo da Manchesterreko atentatua. Hain justu, aipatu batzordeak beste bilera bat egingo du gaur hauteskunde kanpainan (bertan behera utzi dute) hartu beharreko neurriak aztertzeko.

Albisteak (4)

Bideoak (1)