Itxi

Venezuela

Maduroren kontrako protestak hasi zirenetik 56 pertsona hil dira Venezuelan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Segurtasun indarrek manifestazioetan parte hartzen duten herritarren kontra erabilitako gehiegizko indarkeria salatu du Venezuelako fiskal nagusiak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Dagoeneko 56 pertsona hil dira Venezuelan, azken asteotan izandako protestetan, Venezuelako Fiskaltzak baieztatu duenez. Halaber, Zulia estatuko Maracaibo hirian (Venezuelako ipar-mendebaldean) asteazkenean izandako protestetan zauritutako gaztea hil egin da.

Ministerio Publikoak ohar baten bidez jakitera eman duenez, Adrian Jose Duque Bravo 23 urteko gaztearen heriotza argitzeko ikerketa abiatu du. Antza denez, asteazken gauean izandako istiluetan, segurtasun indarrek tiro egin zuten eta larri zaurituta eraman zuten ospitalera. Ordu batzuk lehenago 55 hildako baieztatu zituen Fiskaltzak.

Fiskal nagusiaren esanetan, Maracaiboko bizitegi-gunean istiluak sortu zirenean Duque Bravo beste manifestari batzuekin batera zebilen inguruan. Orduan, “Boliviako Guardia Nazionala lekura hurbildu zen, ordena publikoa berrezartzeko asmoz”. Une horretan, gazteak bala bat jaso zuen eta ospitalera eraman zuten, egoera larrian. Fiskaltzak azaldu duenez, ordu batzuk geroago hil zen.

Ildo horretatik, segurtasun indarrek manifestarien kontra erabilitako gehiegizko indarkeria salatu du Venezuelako fiskal nagusiak.

Orain arte zabaldu dituzten datu ofizialen arabera, dagoeneko 56 pertsona hil dira (adingabeak tartean) Nicolas Maduroren Gobernuaren kontrako manifestazioak hasi zirenetik. Halaber, milaka pertsona atxilotu dituzte protesta horietan sortu diren istiluen harira.

Martxoan, Venezuelako Auzitegi Gorenak botereak kendu zizkion Asanblea Nazionalari. Dena dela, ordu batzuk geroago iritziz aldatu eta Nicolas Maduroren Gobernuak atzerapausoa ematea agindu zuen. Alabaina, epai horrek “agindu konstituzionala haustea” dakarrela salatu zuen oposizioak, eta hauteskundeak aurreratzea eskatu zuen.

Azken asteotan manifestazio jendetsu ugari egin dituzte toki desberdinetan, baina askotan liskarrak sortu dira segurtasun indarren eta manifestarien artean.

Albisteak (3)

Bideoak (1)