AEB - Alemania
Trumpek Merkel kritikatu du, eta tentsioak gora egiten jarraitzen du
agentziak | erredakzioa
Kantzilerraren politika bere herriarentzat oso txarra dela esan du Trumpek, eta Merkelek berretsi du gaur egun ez duela herri horrekin iraganean zuen konfiantza bera.
Angela Merkelek asteburuan AEBren eta Donald Trump berako presidentearen aurkako kritikak egin ostean, tentsioak gora egiten jarraitzen du, bi agintariek diskurtsoari eusten baitiote.
Hala, Trumpek Twitter erabili du, ohikoa duen moduan, bere iritzia emateko. Alemaniaren politika komertziala eta militarra AEBrentzat "oso txarrak" direla esan du sare sozialean.
We have a MASSIVE trade deficit with Germany, plus they pay FAR LESS than they should on NATO & military. Very bad for U.S. This will change
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) 30 de mayo de 2017
"Merkataritza defizit ikaragarri handia dugu Alemaniarekin, eta behar luketena baino askoz gutxiago ordaintzen dute NATOn edo arlo militarrean. Oso txarra AEBrentzat. Aldatu egingo da", adierazi du, NATOko kideek defentsara BPGaren %2 bideratu behar dutela berretsi aurretik.
G7ak Italian egin berri duen goi-bileran, Merkelek ez zuen zalantzarik egin, eta Donald Trump Etxe Zurira iristeak Europaren eta AEBren arteko harremanak aldatzea eragingo zuela adierazi zuen.
"Hein batean amaitu egin da besteengan konfiantza osoa genuen garaia. Horixe bizi izan dut azken egunotan. Eta horregatik hau bakarrik esan dezaket: guk, europarrok, gure eskuetan soilik izan dezakegu gure etorkizuna", esan zuen kantzilerrak.
Trumpen politika protekzionistaren harira, Merkelek Europaren independentzia aldarrikatu du gaur Indian, eta herrialde horrekin itun estrategikoak egitea proposatu du. "Mundu globala gara, eta India kide interesgarria da", azaldu du.