Venezuela
Oposizioak protestetan izandako 'errepresioarekin' amaitzea eskatu du
Agentziak | Erredakzioa
Konstituzioaren 68. artikulua gogora ekarri du Delsa Solorzano diputatuak, eta manifestazio baketsuetan segurtasun indarrek ezin dituztela gas toxikoak ezta suzko armak ere erabili esan du.
Venezuelan orain arte egindako manifestazioetan segurtasun indarrek herritarren kontra gehiegizko indarkeria erabili izan dutela salatu du oposizioak, Parlamentuan gehiengoa duela baliatuta. Bestalde, ehunka ikaslek Caracaseko kale nagusiak hartu dituzte, Venezuelan egindako protestetan izandako "errepresioarekin" behingoz amaitzea eskatuz.
Era berean, herritarrak sakabanatzeko erabilitako bitartekoen inguruan Nestor Reverol Venezuelako Barne, Justizia eta Bake ministroak azalpenak emateko proposamena onartu du Asanble Nazionalak.
Bestalde, Venezuelako Konstituzioaren 68. artikulua gogora ekarri du Delsa Solorzano diputatuak, eta manifestazio baketsuetan segurtasun indarrek ezin dituztela gas toxikoak ezta suzko armak ere erabili azpimarratu du.
Solorzanoren esanetan, Venezuelako Guardia Nazionalak gas negar-eragileak erabili ditu, oposizioaren aldekoek Caracaseko hainbat tokitan Nicolas Maduroren Gobernuaren kontra egindako protesta batzuk sakabanatzeko. Alabaina, herritarrek manifestazioetan parte hartzen jarraituko dutela azpimarratu du.
Ikasleek deitutako protestan zauritutako lagunak artatu ditu osasun zerbitzuak. Argazkia: EFE
Dagoeneko 60 egun daramatzate protestak egiten, eta, orain arte egindako kontzentrazioetan, 59 pertsona hil direla baieztatu du Fiskaltzak. Halaber, ehunka lagun zauritu dira, eta oposizioaren aldeko 2.980 bat lagun atxilotu dituzte.
Bien bitartean, Boliviako Guardia Nazionalak gas negar-eragileak erabili ditu Caracas hirian egindako manifestazioan parte hartu duten ehunka ikasle sakabanatzeko. Gazteek Barne Ministerioaren egoitzara heltzeko asmoa zuten, segurtasun indarrek erabilitako indarkeria salatu eta "errepresioarekin" behingoz amaitzea eskatzeko.
Oposizioaren esanetan, Nicolas Maduroren helburu nagusia protestekin amaitzea da. Ildo horretatik, segurtasun indarrei manifestazioetan parte hartzen duten herritarren kontra egiteko agindua eman diela azpimarratu du.