Ika-mika
FBIko zuzendari ohia gezurti eta 'filtratzaile' bat dela uste du Trumpek
Agentziak | Erredakzioa
James Comeyk atzo Senatuan egindako adierazpenei Twitter bidez erantzun die AEBko presidenteak.
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentearen hitzetan, James Comey FBIko zuzendari ohia gezurti eta 'filtratzaile' bat da.
Comeyk agerraldia egin zuen Senatuko Inteligentzia Zerbitzuan, Mike Flynn AEBko Segurtasun Nazionaleko aholkulari izandakoak Errusiarekin omen zuen loturak direla eta abiatutako auzian. Comeyk Senatuan esan zuenez, Trumpek "leialtasuna" eta Flynn ez ikertzeko eskatu zion. Hori frogatuko balitz, presidentearen kontrako impeachement prozedura abiatu liteke AEBn.
Gaur etorri da Trumpen erantzuna. "Gezur eta adierazpen faltsu ugari" botatzea egotzi dio Comeyri, eta "filtratzaile" deitu du.
Despite so many false statements and lies, total and complete vindication...and WOW, Comey is a leaker!
? Donald J. Trump (@realDonaldTrump) 9 de junio de 2017
Aurretik ere egin du Trumpek Comeyren kontra. FBIko zuzendaritzatik kendu eta egun batzuetara, euren elkarrizketen "zintak" publiko egitearekin mehatxatu zuen Twitterren botatako mezu batean. Hain justu, txio hori irakurri eta gero, AEBko presidenteak egindako eskakizunak filtratzea erabaki zuen Comeyk, eta The New York Times egunkariko kazetari lagun bati kontatu zion dena, Senatuan aitortu zuenez.