AEB - Kuba
Trump: 'Akordio hobea negoziatuko dugu Kubarekin'
Agentziak | Erredakzioa
Hala ere, ezer negoziatu aurretik, bi baldintza jarri dizkio Kubari: hauteskundeak deitzea eta preso politikoak askatzea.
Ameriketako Estatu Batuen eta Kubaren arteko harremanak normalizatzeko Barack Obamak eta Raul Castrok sinatu zuten akordioa baliorik gabe utzi eta "akordio hobea" negoziatuko duela iragarri du gaur Donald Trumpek.
Alabaina, negoziazioari ekin aurretik, Kubak zenbait baldintza bete beharko dituela azpimarratu du, tartean, hauteskundeak deitzea eta preso politikoak askatzea.
"Kubari ezarritako zigorrak ez ditugu bertan behera utziko, preso politiko guztiak libre izan arte, alderdi politiko guztiak legeztatu arte eta nazioarteak ikuskatuko dituen hauteskunde libreak deitu arte", nabarmendu du Miamin egin duen agerraldian.
Bi herrialdeen arteko harremanak normalizatzeko ituna baliogabetu duela jakinarazi ostean, Trumpek "negoziazio mahaira joateko" eskua luzatu dio Kubari, "alde bientzako hobea izango den akordio berria lortzeko".
Hori bai, lehendabizi arestian aipatutako baldintzak bete ditzala exijitu dio.
"Kubatarrek urrats zehatz horiek ematen dituztenean, prest egongo gara negoziazio mahaira itzultzeko eta askoz hobea izango den ituna adosteko", agindu du.