Gatazka
Trumpi pazientzia 'agortu' zaio Ipar Koreako aferean
agentziak | erredakzioa
AEBko presidenteak esan du amaitu dela herrialde asiarrarekin "pazientzia estrategikoaren" garaia, eta arma frogei "ausardiaz" erantzungo diela hitzeman du.
Donald Trump AEBko presidenteak amaitutzat eman du gaur Ipar Korearekin Barack Obamak abian jarri zuen "pazientzia estrategikoaren" garaia, eta hitzeman du "ausardiaz" erantzungo diela Pyongyangek armekin egiten dituen frogei.
"Porrot egin du Ipar Koreako erregimenarekin pazientzia estrategikoak. Zinez diot pazientzia agortu dela", adierazi du Trumpek Moon Jae In Hego Koreako presidentearekin emandako prentsaurrekoan.
AEBko presidenteak iragarri du bere administrazioa Japoniako eta Hego Koreako gobernuekin ari dela lanean "Ipar Korea izena duen mehatxuaren aurrean neurri diplomatikoak, ekonomikoak eta segurtasun alorrekoak hartzeko".
Trumpek iragarri du, gainera, Ipar Korearen desnuklearizazio "osoa eta mailakatua" abian jartzeko egitasmo bat dutela.