Aitortza
Trump Jr-k Clintonen informazioa eskaini ziotenean: 'Gustura hartuko nuke'
agentziak | erredakzioa
Horixe adierazi zion Rob Goldstoneri, "Errusiako Gobernuko abokatu" gisa aurkeztu zion bitartekariari.
Donald Trump AEBko presidentearen seme nagusiak, Donald Trump Juniorrek, publiko egin du abokatu errusiarrarekin batzar polemikoa antolatu zion bitartekariarekin trukatu zituen mezuak, eta bertan argi geratzen da Hillary Clinton hautagai demokratari buruzko "ezkutuko informazioa" izan zela amua. "Gustura hartuko nuke" erantzun zion Trump Jr-k eskaintzari.
Here's my statement and the full email chain pic.twitter.com/x050r5n5LQ
— Donald Trump Jr. (@DonaldJTrumpJr) 11 de julio de 2017
"Erabat gardena izateko helburuarekin, Rob Goldstonekin 2016ko ekainaren 9ko batzarraz izan nuen mail truke guztia publiko egingo dut", jarri du agintari estatubatuarraren semeak Twitterren, lau mezu orrirekin batera.
'Errusia-Clinton, pribatua eta konfidentziala' izenburua duen mezu katea Goldstonek hasi zuen, eta bertan dio Emin Agaralov abeslari errusiarrak "oso interesgarria" den zerbait eskaini diola. Horren harira, azaltzen dio Aras Agaralov enpresaria, artistaren aita, Errusiako Fiskaltzako ordezkariekin elkartu zela eta hau eskaini ziola: "Hillary auzipetuko luketen dokumentu eta informazio ofizialak, Errusiarekin egindako akordioak tarteko, zure aitarentzat oso erabilgarria".
"Noski, ezkutuko informazioa da, oso maila altukoa, baina Errusiaren eta bertako Gobernuak Trump jaunari emandako babesaren parte da", gaineratzen du Goldstonek.
Here is page 4 (which did not post due to space constraints). pic.twitter.com/z1Xi4nr2gq
— Donald Trump Jr. (@DonaldJTrumpJr) 11 de julio de 2017
Donald Trump Jr-k ez zuen bilera segituan itxi, baina informazio hori jasotzeko prestutasuna argi adierazten du: "Diozuna bada, gustura hartuko nuke, uda amaieran bereziki".
Orduan, Goldstonek "Errusiako Gobernuko abokatuarekin" bilera egitea eskaini zion, eta izenik ematen ez bazion ere, Natalia Veselnitskaya da ustez. Azkenean, batzarra hitzartu zuten.
Abokatu errusiarrak ukatu egin du Kremlinen ordezkari izatea, eta sekula ez omen zuen Clintoni buruzko informazioa emateko asmorik, nahiz eta beste aldetik horixe lortzeko "nahi bizia" jaso zuen.