OPOSIZIOAREN MANIFESTAZIOA
Istiluak Caracasen, Auzitegi Goreneko epaile berrien aldeko martxan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Batasun Demokratikoaren Mahaiak (MUD) deitutako manifestazioak Caracas erdigunean dagoen Auzitegi Gorenaren egoitza zeukan helmuga, baina poliziak eragotzi egin die bertara heltzea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Milaka venezuelar manifestatu dira larunbat honetan Caracaseko kaleetatik zehar Auzitegi Goreneko 33 epaile izendatu berriei babesa emateko asmoz. Aipatu epaileak atzo hautatu zituen oposizioaren kontrolpean dagoen Asanblea Nazionalak. Hautaketa horrek ez dauka Gobernuaren babesik, ezta egun auzitegi horretan jarduten duten epaileena ere.
Oposizioaren arabera, epaile horiek Gobernu ofizialaren aldekoak dira, eta, salatzen duenez, era irregularrean eskuratu zituzten euren karguak; izan ere, 2015ean hautatu zituzten Goreneko epaileok, chavistek hauteskundeak galdu eta segidan, gaur egun oposizioaren esku dagoen parlamentua osatu aurretik.
Horrenbestez, egun Venezuelak bi Auzitegi Goren izango lituzke: batak Gobernuaren babesa du; besteak, oposizioarena; hau da, 66 epaile dira aukeratutakoak, baina 33 leku besterik ez daude.
Egoera hori izanik, Batasun Demokratikoaren Mahaiak (MUD) manifestazio bat deitu du gaur arratsalderako, Caracas erdigunean dagoen Auzitegi Gorenaren egoitza helmuga zuena.
Alabaina, manifestazioa manifestarien eta segurtasun indarren arteko istilu artean bukatu da, azken horiek eragotzi egin baitiete manifestariei euren helmugara iristea.