Itxi

Venezuela

Venezuelako oposizioak bi eguneko lanuztea egitera deitu ditu herritarrak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Batasun Demokratikorako Mahaiak (MUD) bi manifestazio deitu ditu, uztailaren 30ean Asanblea Nazional Konstituziogilea aukeratuko duten bozketa egin aurretik.

Venezuelar bat, garrasi egiten joan den uztilaren 16ko bozketan. Argazkia: EFE

Batasun Demokratikorako Mahaia (MUD) Venezuelako oposizioak osatutako koalizioak bi eguneko lanuztea egitera deitu ditu herritarrak, Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen kontra presioa egiteko modu gisa, bart gauean Caracasko kaleetan izandako istiluen ostean, Venezuelako El Nacional egunkariak jakinarazi duenez.

?Gobernuak iritziz aldatzea espero dugu. Venezuela osoa lanik egin gabe, martxan. Asanblea Konstituziogilea ez dugula nahi frogatuko dugu?, ziurtatu du Simon Calzadilla oposizioko diputatuak.

Halaber, Venezuelako oposizioak osatzen duen koalizioak bi manifestazio deitu ditu hurrengo asterako, uztailaren 30ean Asanblea Nazional Konstituziogilea osatuko duten kideak aukeratuko duten bozketa egin aurretik. Hala, astelehenean zein ostiralean oposizioak Venezuelako kaleak hartuko ditu Maduroren kontra protesta egiteko.

Larunbatean milaka venezuelar manifestatu ziren Caracasko kaleetan, Auzitegi Goreneko 33 epaile izendatu berriei babesa emateko asmoz. Epaile horiek ostiralean aukeratu zituen oposizioaren kontrolpean dagoen Asanblea Nazionalak. Dena dela, erabaki horrek ez du Gobernuaren babesik, ezta gaur egun epaitegi horretan lan egiten duten epaileena ere.

Guardia Nazional Bolivartarrak manifestariak sakabanatu ditu Caracasko kale nagusi batean, eta, ondorioz, protestan parte hartu duten herritarrek ez dute Venezuelako Justizia Auzitegi Gorenaren egoitzara hurbiltzeko aukerarik izan.

Gutxienez 100 pertsona hil eta 3.600 herritar baino gehiago atxilotu dituzte azken hilabeteotan Venezuelan, apirilean Maduroren kontrako protestak hasi zirenetik. Ordutik, presidentearen aldeko eta kontrako manifestazioak deitu dituzte, eta istilu ugari sortu dira kalean.

Albisteak (4)