Itxi

Venezuela

Madurok elkarrizketarako deia egin dio oposizioari, krisia gainditzeko

Agentziak

Leer en Castellano

Gainera, ostiralean Asanbleak Gorte paraleloa osatzeko izendatutako epaileak atxilotuko dituztela iragarri du presidenteak. Epaileetako bat, Angel Zerpa, atxilotu dute jada.

Maduro, igandero telebistan egiten duen saioan. Argazkia: EFE

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak elkarrizketa politikoan parte hartzeko deia egin dio oposizioari, herrialdean bizi duten krisialdi politikoa konpontzen saiatzeko.

"Ni prest nago (…) bake akordioa lortzeko, elkarbizitza nazionala eta elkarrizketa prozesua hasteko, soilik Venezuelaren interesen alde", esan du Madurok astero egiten duen saioan, VTV telebista publikoan.

Horren ildotik, "chavismoa gehiengo sozial, kultural eta berriz politikoa izateko antza" duela onartzeko eskatu dio lider sozialistak Batasun Demokratikoaren Mahaiari, uztailaren 30ean egitekoa den Asanblea Konstituziogilea dela eta.

"Presidentetza hauteskundeak egingo balira, chavismoak berriro irabaziko luke", esan du Madurok. Gainera, oposizioak Konstituziogilea eratzeko prozesuan parte hartu nahi ez izana kritikatu du, "diktadura egonkortzeko" modua dela iritzita.

Oposizioak borroka areagotuko duela iragarri du, igandean Konstituziogilea egitea oztopatzeko. Hala, asteazkenean 48 orduko grebari ekingo diote eta ostiralean martxa bat egingo dute Caracasen.

Halere, Madurok berretsi du Konstituziogilea "errealitatea" dela dagoeneko.

Epaileak preso hartuko dituzte

Bestalde, ostiralean Asanbleak Auzitegi Goreneko epaileak ordezkatzeko izendatutako 33 epaileak "banan-banan" atxilotu, eta haien ondasun eta kontu korronteak kontrolatuko dituztela esan du Madurok.

"Izendatutako pertsona horiek, usurpatzaileak, atxilotuak izango dira, banan-banan, bata bestearen atzetik. Preso hartuko dituzte, eta ondasunak eta kontuak kontrolatu, inork ez ditu defendatuko", adierazi du Madurok.

Angel Zerpa, oposizioak deitutako epaileetako bat, atxilotu dute jada.

Albisteak (2)