Itxi

AEB

Transexualak AEBko Armadan sartzeko debekua ezarri du Trumpek

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Twitter bidez zabaldutako mezu baten bidez jakinarazi du erabakia, eta bere gobernuak ez dituela pertsona transexualak AEBko Armadan onartuko esan du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Transexualak Ameriketako Estatu Batuetako Armadan sartzeko debekua ezarri du asteazken honetan Donald Trump AEBko presidenteak, neurria “Armadako arduradunekin eta adituekin” aztertu ondoren.

Trumpek Twitter bidez zabaldutako mezu baten bidez eman du erabaki horren berri, eta bere gobernuak ez dituela pertsona transexualak AEBko Armadako edozein kategoriatan onartuko ziurtatu du.

“Gure nazioa defendatzeko, Armadak erabateko garaipenean jarri behar du arreta guztia, eta pertsona transexualak onartuz gero gastu medikoa nabarmen handituko litzateke eta nahasmena sortuko litzateke”, azpimarratu du Trumpek sare sozial horretan jarritako beste mezu batean.

2016ko ekainean, AEBko Armadak pertsona transexualak onartuko zituela iragarri zuen Ashton Carter orduko AEBko Defentsa idazkariak, Pentagonoan egindako agerraldi batean.

Jarraian, Barack Obama AEBko presidente ohiaren gobernuak 2017ko uztailaren 1a ezarri zuen transexualak Armadan onartzeko lehen egun gisa.

Alabaina, ekainaren 30ean beste erabaki bat hartu zuen Pentagonoak, eta agindua sei hilabete atzeratzea erabaki zuen, “nazioa defendatzeko izan dezaketen gaitasuna argitu arte”. Horrela, 2018ko urtarrilaren 1ean aztertu behar zuten neurria.

Sei hilabete hauetan, Pentagonoak ikerketa bat egiteko asmoa zuen, pertsona transexualak AEBko Armadan onartuz gero horrek prestaketan eta aurkariari erasotzeko orduan eraginik izan dezakeen argitzeko.

Trumpek gaur iragarritako debekua kontuan izanda, airean dago jadanik AEBko Armadan lanean ari diren transexualen etorkizuna. Izan ere, AEBko presidenteak ez du agindu horren inguruko xehetasunik eman, eta ez du azaldu nola ezarriko duen.

2016ko AEBko hauteskunde-kanpainan zehar, LGBT (Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transexualak) taldekoen “laguna” zela ziurtatu zuen Trumpek.

Albisteak (1)

Bideoak (1)